Gaurkotasuna

Atzealdea

Mugikortasun Astea ospatuko da aste honetan Hondarribian

Hitzaldia, azoka, merkatua eta txirrinda martxa dira hitzordu garrantzitsuenak

2017·09·18


Mugikortasun Astea ospatuko da aste honetan Hondarribian. Aurkezpena gaur egin da Udaletxean, eta han izan dira Kalixa Silanes Ingurumen eta Agenda 21eko zinegotzia, eta Kote Guevara, Balazta Bidasoako Bizikletaren aldeko Elkarteko ordezkaria.

“Iraunkortasunaren europar astea sentsibilizazio kanpaina bat da, arduradun politikoei nahiz hiritarrei zuzendua, azaltzeko ibilgailuaren erabilera irrazionalak hirian –osasun publikoan nahiz ingurumenean- sor ditzakeen ondorio negatiboak eta garraiobide iraunkorragoak erabiltzeak –besteak beste garraio publikoak, bizikletak eta oinez ibiltzeak- dituen onurak” esan du Kalixa Silanesek.

“Balazta Elkarteak eta Hondarribiko Udalak jarduera programa bat egin dute aste honetan gozatzeko. Ekintzak ostegun arratsaldean hasiko dira eta igandean amaituko dira Hirian zehar bizikleta martxa bat eginez. Balazta Elkarteari eskertu egin nahi diot egiten ari diren lana”.

“Gure helburua zera da” dio Silanesek, “hondarribiarrak sentsibilizatzea iraunkortasun mugikortasunari buruz, iritzi publikoan mugikortasun iraunkorrari buruzko eztabaida sartuz eta erabiltzaileek bizikletaz joan-etorri seguru eta erosoa egin ahal izateko azpiegiturak eginez.  Hartarako espero dugu, laster, batera egindako lehenengo proiektuko obrak hastea, hain zuzen ere Baserritar Etorbidekoak; horrek erraztuko du ikasleak ikastetxeetara modu seguruan joan ahal izatea”.

Kote Guevarak programaren berri eman du. “Ostegunean 19:00etan hitzaldia emango du Ander Irazustak Kultur Etxean "Oinezkoa eta bizikleta mugikortasunaren kudeaketaren ardatz gisa: erronkak eta aukerak” izenekoa.

Larunbatean, 10:00etatik 14:00tara, Butroi pasealekuan eta eguraldi txarra izatekotan Kirol kaian, bizikleta feria eta bigarren eskuko bizikleten merkatua antolatu da. Azkenik, igandean 10:30ean hasita, Txirrinda Martxa antolatuko da Alamedatik aterata”.

Eskertu egin nahi dut era berean Udalaren jarrera. Denon artean lanean ari gara bizikleta eta bidegorrien aldeko lanean. Ez da erreza, baina ari gara” amaitu du Guevarak.