Gaurkotasuna

Atzealdea

Hondarribia Reggae Town jaialdiaren lehen edizioa izango da larunbatean

Musika jaialdi bat gehiago izango du aurten Hondarribiko udarako egitarauak.

2016·08·22


Reggae musika, eta bere baitako erritmo ezberdinak entzuteko aukera egongo da Hondarribia Reggae Town jaialdiaren lehen edizioan.

Abuztuaren 27an izango da, larunbatarekin, Alde Zaharreko Apezpiku plazan. 18:00etan hasiko da festibala, eta 1:00 arte ariko dira taldeak. Lehen edizioa xumea izango da, baina ondo diseinatutakoa.

Zuzeneko ona duten taldeak hautatu dira, eta logistika, soinu eta argi baldintza egokiak izango dituzte. “Aukera berri bat da, oso pozgarria, guztion artean, hemen reggae musika maite dugula eta urtero jaialdi hobe bat egin nahi dugula adierazteko”, baieztatu du Mikel Camps antolatzaileak. Reggearen hainbat aldaera landuko dituzte taldeek: Roots, Dub, Dancehall, Raggamuffin, Ragga eta Ska.

Gertuko taldeak izango dira gehienak: Mountain Sounds Talde gipuzkoarra da, gaztea. Urte bete daramate zuzenekoak eskaintzen, baina 2016ko udaran herri askotako jaietan aritu dira: Irun, Oiartzun, Pasaia, Getaria, Zarautz etab. Ordenagailu eramangarri batekin mendian entseatzen hasi ziren. Horregatik izena.

Jarel Babel 2010 urtean sortu zen Iruñean, lagunarteko giro batean. Taldekideen gustu ezberdinek, estiloen nahaste interesgarria sortu zuten: reggae, rap, ska, rock, funk... Bi disko kaleratu dituzte dagoeneko. Nortasun handiko taldea da, zuzeneko indartsua duena. Ziribulio Sound Tolosako Bomberenea gaztetxearen inguruan sortutako taldea da. Reggae-Dancehall musika lantzen dute.

Glaukoma taldeko Juantxo Arakama da partaideetako bat. Martin anaiarekin aritzen da Ziribulion, beste zenbait taldekiderekin batera.

Garolo Artista asturiarra da, Oviedokoa. Ahots berezia du, eta reggae musika ekoizten du. Hala ere, kolaborazio asko egin izan ditu rap musikariekin. 2003an argitaratu zuen lehen maketa.

Kulto Kultibo 2010ean sortu zen, Irunen, baina Hondarribian du estudioa. Inolako ezagutzarik eta material egokirik gabe grabatu zuten lehen maketa. Aurten, ordea,

La Mazeta izeneko hirugarren lana argitaratu dute dagoeneko, soinu kalitate profesionalarekin eta maila handiko kolaborazioekin. Estatu mailan bidea egiten ari den taldea da.