Gaurkotasuna

Atzealdea

badatoz udako prebentzio kanpainako ekintza nagusiak

Datozen asteetarako prestatu ditu Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuak udako prebentzio kanpainako ekintza nagusietako batzuk.

2016·08·15


HONDARRIBIAN ONDO PASA BAINA EZ PASA” Hondarribiko Drogamenpekotasunen Prebentzio Komunitarioko Udal Planaren barruan kokatzen da.

Planak bizimodu osasuntsuak bultzatzea du helburu. Aho batez onartu zen 2009ko martxoaren 26an.

Drogei begira hauek dira xedeak: kontsumo arduratsuak eta bakarkako erabakiak sustatzea. Gaztetxoen kasuan, kontsumo goiztiarrak ekiditea, eta hain gazteak ez direnen kasuan, gehiegizko kontsumoak saihestea. Plana herri osorako lan-tresna den bezala, udako kanpaina ere biztanleria osoari zuzenduta dago, hondarribiarrei, eta bisitan etortzen diren pertsonei, alegia. Elkarte, gizarte eragile eta populazio helduaren kasuan, denon hezitzaile-funtzioa azpimarratu behar da, erreferentzia-eredu izanik, nerabe eta neska-mutilentzat.

Urte osoan zehar egindako lanaren jarraipena da udako kanpaina. Nerabeen kasuan, “Hondarribia ondo pasa baina ez pasa” esatea, ikasturte osoan zehar eskolan egindako lanaren gogoetak eta informazioa gogoraraztea da. Ondorengo ekintza nagusiak martxan jarri dira aurten ere:

1.- Azkeneko urteetan Blues Jaialdia garrantzi handiko proiektu bihurtu da. Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuak, Udal Planarekin jarraituz, ekintza batzuk adostu ditu jaialdiaren antolatzaileekin: esate baterako, jaialdirako propio egin da imajina, kanpainaren leloarekin, eta eszenatokian ikusteko aukera egon da. Imajina Blues Jaialdiaren egitarauan txertatu da, eta D.V. eranskinerako testu bat prestatu da.

2.- Hamabigarren urtez jarraian kamisetak banatuko dira. Herriko gazteak honen zain egoten dira, uda iritsi ahala. Esan beharra dago, kamisetaren diseinua gazteek beraiek aukeratu dutela, parte hartze prozesu baten bitartez. Kamiseta bitartekaria da, baliabide bat, kamisetaren zain dauden gazteei mezua gogoratzeko. Izan ere, haren bila nora jo behar duten badakite, eta ekintzaren arrazoiak ezagutzen dituzte.

Udalak kamiseta musu truk ematen die gazteei; baldintza bakarra nor bere kamisetaren bila etortzea da. Horrela, gazteenek zerbitzua non dagoen ikasten dute, eta bide batez, askotan erakundeetara hurbiltzeko duten lotsa gainditzen dute. 12-25 urte bitarteko gazteek kamisetak Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuan eskuratuko dituzte, goizeko 9:00etatik 13:30ak arte. Urtero bezala, kamisetarekin batera flyer-a banatuko da. Azken urteetan mezua zera da, prebentzioa ez dela udako kontua bakarrik. Esan bezala, prebentzioa urte osoan zehar egiten da Hondarribian, eta mezu horrekin Zerbitzura hurbiltzeko dauden era ezberdinak azaltzen dira: helbidea, telefonoa, eta sare sozialak, besteak beste.

Zerbitzuko kale hezitzaileek sare sozialak erabili ohi dituzte, aspaldi, gazteekin harremanetan jartzeko. Gainera, duela bi urte, osasun hezkuntza arloko hezitzaileek ere martxan jarri dute sare sozialen erabilpena, osasunarekin zerikusia duten gaien inguruan informazioa zabaltzeko eta gogoeta sustatzeko. Xede nagusia gazteak badira ere, informazioa eta gogoeta hondarribiar guztiei zuzenduta dago. Jaietako egitarauan txertatzen den testua, pertsona helduei zuzenduta dago.

Alde batetik, haiek direlako egitarauko jardueretan gehien parte hartzen dutenak, eta bestetik, Drogamenpekotasunen Prebentzio Komunitarioko Udal Planari jarraituz, Hondarribian bizimodu osasuntsuak bultzatzeko komunitate osoa inplikatu behar delako. Ez dugu ahaztu behar haurrek eta nerabeek helduei jarraituz ikasten dutela, beraz, kontsumoei dagokienez, helduen jarrerek arduratsuak izan behar dute, gazteenek eredua jarrai dezaten.

Aurreko urteetan bezala, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoaren laguntzarekin, alkoholimetroak banatuko dira. Biztanleria helduari zuzendutako ekintza izango da, jarrera arduratsuak bultzatzeko eta sentsibilizatzeko helburua izango duena. Alkoholimetroak dohain lor daitezke Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuan, eta txosnetan ere eskura izango dira.

3.- Besteetan bezala, ostalariei ere laguntza berezi bat eskatu die Udalak: eskutitz bat bidaliko zaie, eta parte hartzea eskatuko zaie, prebentzio alorrean duten indarra nabarmenduz. Aurten, formazioa eskainiko zaie arrisku murrizketan, KONTSUMO ETA BANATZE ARDURATSUAN* hain zuzen ere, Hazkunde elkartearen eskutik eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Gainera, txosnetan arituko direnek ere jasoko dute formazioa. Ildo beretik, kartel berri bat argitaratu da, aski ezaguna den kanpainaren mezuarekin, herriko tabernetan eta jaitako txosnetan jartzeko asmoz. Bestalde, jaietako egunetan alkoholimetroak eskuratzeko aukera izango da txosnetan.

4.- Jaietan, Sasoia Elkarteak Alkohol kontsumoari buruzko prebentzio eta arrisku murrizketako ekintza bat aurrera eramango du irailaren 10ean. Hondarribiko jaietan, alkoholaren kontsumoaren aurrean jarrera eta jokabide arduratsuak sustatzea izango du helburu, gizarte eragile desberdinen parte hartzea bultzatuz. *KONTSUMO ETA BANATZE ARDURATSUA:

Helburuak:

  1. Adingabekoei edari alkoholikoak eskuratzea ekiditea.
  2. Intoxikaturik dauden bezeroei alkohola ez banatzea.
  3. Alkoholaren efektupean ibilgailuak gidatzea saihestea.