Gaurkotasuna

Atzealdea

Kandido Sasetaren omenezko erakusketa ARMA PLAZAn

Maiatzaren 14 arte ikusgai dago Sasetaren inguruko erakusketa

2017·04·27


Maiatzaren 14a arte ARMA PLAZAn honako erakusketa izango da: “Kandido Saseta, Euzko Gudarosteko Komandantea eta bere ohorean antolatu zen batailoia”.  Atzo inauguratu zen, eta ekitaldian honakoak izan ziren: Juan Mari Atutxa, Sabino Arana Fundazioaren lehendakaria; Txomin Sagarzazu, Hondarribiko Alkatea; Maribel Vaquero, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen foru lehendakaria; Eider Mendoza, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria, eta Udaleko zenbait zinegotzi eta herritar batzuk.

Erakusketa maiatzaren 14a arte izango da ARMA PLAZA eraikineko bigarren solairuan, eta  ordutegia 10:00etatik 19:00etara bitartekoa izango da astelehenetik larunbatera, eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara.

Juan Mari Atutxak zera esan zuen: “Gure helburuetako bat azken mende eta erdiko gure historia gogoraraztea eta ezagutaraztea da. Iragana aztertu eta aipatu egin behar da argi, gaur egungo gazteek ezagutzeko. Eta Sasetari egingo zaion omenaldiak helburu hori du bete-betean”.

Txomin Sagarzazu Alkateak zera jakinarazi zuen: “aurten 80 urte betetzen dira hil zenetik, eta oso erakusketa osatua antolatu da; Hondarribiko eta eskualdeko hiritar guztiak erakusketa ikustera gonbidatu nahi ditut, baita interesa duten beste guztiak ere.  Merezi du”.

Aurten 80 urte betetzen dira Kandido Saseta hil zenetik, eta erakusketaren helburua bere irudia hondarribiarrei zehazki, eta Bidasoa eskualdeko eta Euskadiko bizilagun guztiei oro har, hurbiltzea da.  Era berean Saseta batailoiko kideak omendu nahi dira; batailoi hura eskualdeko gudari gipuzkoarrek osatua zen, batez ere”.

“Ahal den neurrian erakusketa hau informazio gehiago biltzeko eta Euskal Herriko historia hurbilari buruzko hutsuneak betetzeko antolatu da, eta hartarako protagonistak edo haien ondorengoak gonbidatzen ditugu beraien ezaguerak, oroitzapenak, etab. kontatzera, eta urte hauei buruzko historia osatzen lagungarri izango diren testigantza edo objektu bereziak erakustera.   Erakusketan une oro pertsona bat egongo da, jasotzeko”.