Gaurkotasuna

Atzealdea

Jendez gainezka egon diren jaiei buruzko balantze positiboa

"Jaietan 93 jarduera izan dira, eta jende ugarik hartu du parte, bai antolaketa lanetan eta bai ekintzetan parte hartzen"

2016·09·11


 

 

Zorionez ez da eraso sexistarik izan, eta hori, gezurra dirudien arren, aipagarria da

Hondarribiak atzo amaitu zituen bere jai nagusiak. “Jaietan 93 jarduera izan dira, eta jende ugarik hartu du parte, bai antolaketa lanetan eta bai ekintzetan parte hartzen”. Hala baloratu ditu gaur Kalixa Silanes Kultura zinegotziak. “Adin guztietako jendeak hartu du parte, umeek gurasoekin, gazteek, helduek, adinekoek… nire ustez pozik egon gaitezke jaien martxarekin, eta eskerrak eman behar dizkiegu laguntzen aritu diren guztiei, bai erakunde antolatzaileei, bai kolaboratzaileei, eta bai parte hartzaileei, nola ez”. “Zorionez ez da eraso sexistarik izan, eta hori, gezurra dirudien arren, aipagarria da. Prebentzio Komunitarioko Zerbitzuan aurretik lan ederra egin da, eta horri gehituta soziedade zibilak gero eta kontzientziazio handiagoa duela, aurrerapausoak ematen ari gara arazo horretan”.

“Aipagarria da Mercedes Iridoyri eta Lurdes Zubeldiari Urrezko domina eman izana, Ion Areitiori egin zaion harrera, edo Josu Zabalaren erailketaren 40. urteurrena gogoan hartzeko ekimenak, adibidez. Aipatzekoak diren beste zenbait ekintza, hainbat talderen kontzertuak izan dira (Ken Zazpi, Doctor Deseo, Delorean, edo Gontzal Mendibil), eta horiekin batera gazteentzako jarduera jendetsuak, besteak beste disko jaia, Haur Danborrada, jende guztiari zuzendua den Baserritarren Eguna… guztientzako jarduerak programatzen saiatzen gara,eta harrera oso ona izan da” erantsi du Silanesek.

Etorri den jende kopuruaren datuak Udaltzaingoak eman dizkigu: adierazi duenez hilaren 6tik 11 bitarte Hondarribira 125.382 ibilgailu etorri dira, horietatik 17.253 Hondarribikoak eta 108.129 beste herrietakoak. “Aipatu nahiko nuke ere Udaltzaingoak gaztetxoen alkohol salmentan eta kontsumoaren inguruan lan egin duela, ikuskaketak eta inkautazioak eginez. Gure lana da eta hala jarraituko dugu” dio Silanesek. “Hobetzeko gaien artean, aipatu nahi nuke Arrantzale Auzoan, Bentan eta Alde Zaharrean jarri ditugun hiru pixatokiak saboteatu egin dituztela hilaren 6an 8an eta 10ean. Nahita freskagarrietarako botila eta lata zanpatuak sartu dira, eta ondorioz itxi eta konpondu egin behar izan ziren; hartarako enpresa arduraduna Iruñatik etorri da zenbait alditan, berriz ere martxan jartzeko”. “Aurten eztabaida izan dugu ostalaritza establezimenduetarako ezarritako itxiera ordutegiarekin. Udalak iazko ordutegiei eutsi die, eta egun nagusietan itxiera ordutegia goizeko 05:00etan finkatu da. Ez dugu ahaztu behar Udalak guztien eskubideak zaindu behar dituela, ostalari, erabiltzaile nahiz bizilagunena”.

“Eskerrak eman nahi nizkieke laguntzen aritu diren guztiei, bai Kultura Departamentuari, bai Udaltzaingoari, bai Txingudiko Zerbitzuei, bai Gurutze Gorriari, bai DYAri, bai Montai enpresari, eta bai laguntzen aritu diren guztiei, lan handia egin baitute, eta gehienek gozatzen duten bitartean beste jende asko buru-belarri aritzen baita lanean; eskerrak eman behar dizkiegu” amaitu du esanez Silanesek.