Gaurkotasuna

Atzealdea

Jarduera fisikorako laguntza zerbitzua eskainiko du Udalak

Orientazio zerbitzu honek kirola era gustagarri eta osasungarrian egiteko orientazioa emango du.

2018·05·16


Hondarribiko Udalak jarduera fisikorako orientazio zerbitzua jarri du martxan pertsona inaktiboei aholkularitza eskaintzeko. Julen Fernandez prestatzailea arduratuko da norbanako bakoitzari, inolako adin mugarik gabe, ondoen egokitzen zaizkion jarduera eta ohiturak gomendatu, eta ondorengo jarraipena egiteaz. “Niregana etortzen den pertsonaren egoera, arazoak, beharrak edota interesak aztertuko ditut ariketa fisikorako orientabidea emateko”, iragarri du Fernandezek.

Udalak Gipuzkoako Foru Aldundia, Osasun Saila eta bestelako eragileekin elkarlanean jarritako zerbitzua da gaur aurkeztu dutena. Gipuzkoan aktibotasun-maila altuenetakoa duen eskualdea da Bidasoa –%71koa da lurraldeko pertsona ez aktiboen batezbestekoa–, baina oraindik lan asko dagoela azpimarratu dute Jose Luis Silanes kirol zinegotziak eta Iñaki Iturrioz Aldundiko Kiroletako zerbitzuburuak. Hala, helburua “sedentarismoarekin bukatzea” dela esan du Fernandezek.

Gustuko duenak bi modu dauzka doako zerbitzua baliatzeko. Batetik, osasun zentrora jo eta medikuaren bitartez hitzordua lortuta. Eta, bestetik, Fernandezek Jostaldi pilotalekuan izango duen bulegora joanda, aurrez bixibizihondarribia@gmail.com edo 943 111226 telefonoan zita eskatuta. Momentuz goizez bakarrik izango da hitzorduok adosteko aukera, baina aurki arratsalderen bat ere eskaintzea aurreikusi dute.