Gaurkotasuna
Atzealdea

Jaizkibel V cromlech-aren egitura berezia aurkitu dute indusketa batean

Aranzadiko arkeologoek urteak daramatzate gure lurraldean monumentu megalitikoak bilatzen eta finkatzen. Oraingoan, Jaizkibel V ikertuta, hasiera batean aurrez ikusitakoa baino egitura konplexuagoa topatu ahal izan da; izan ere, arkeologoek arkitektonikoki berezia den monumentua azaleratu dute. Aurkezpena gaur goizean egin da Jaizkibel mendian bertan, eta han izan dira Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkatea, Juantxo Agirren Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia, eta Manu Ceberio arkeologoa eta indusketa honen zuzendariak.

2019·03·06


Aranzadiko arkeologoek urteak daramatzate gure lurraldean monumentu megalitikoak bilatzen eta finkatzen.

Oraingoan, Jaizkibel V ikertuta, hasiera batean aurrez ikusitakoa baino egitura konplexuagoa topatu ahal izan da; izan ere, arkeologoek arkitektonikoki berezia den monumentua azaleratu dute. Aurkezpena gaur goizean egin da Jaizkibel mendian bertan, eta han izan dira Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkatea, Juantxo Agirren Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia, eta Manu Ceberio arkeologoa eta indusketa honen zuzendariak.

Txomin Sagarzazu Alkateak esan duenez, “Udaletik urteak daramazkigu Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, izaera desberdineko proiektuak abian jarriz eta lagunduz, eta gure helburua aurkikuntza eta lan hauek gizarteratzea da. Denontzat oso aberasgarria dela uste dugu”

Manu Ceberiok, indusketaren zuzendariak, honela deskribatu du: “harrien zirkulu perfektua da, handixeagoak diren bi harri bereizten dira, forma bereziak dituzte eta aurrez aurre jarrita daude, IE-HM orientazioarekin”.

Cromlechak edo harrizko zirkuluak historiaurreko hilobiak dira, pertsona baten errausketatik ateratako hondakinak jasotzeko. Harrizko zirkulu hau eraiki zuten pertsonek Brontze Aroan egin zuten (duela 2000 – 3000 urte).

Monumentu megalitiko honen erdigunean kamera txiki bat eraiki zuten eta bertan jartzen zituzten erraustutako pertsonaren errautsak. Normalean pertsona bakoitzarentzat monumentu bat egiten zuten eta Jaizkibel Ven inguruan horrelako egitura gehiago daude, oraindik induskatu gabe.

Egitura honen lan arkeologikoa pieza finkatuta amaituko litzateke. “Gaur egun monumentu hauek horizontalean ikusten dira, harriak erori egin baitira denboraren poderioz, baina lauzen jatorrizko posizioa bertikalean izango litzateke. Cromlech hauen helburua, hilobi gisa erabiltzeaz gain, bizi ziren lurraldea markatzea ere bazen”, azaldu du arkeologoak.

Brontze Aroko populazioak sedentarioak ziren. Normalean abeltzaintzatik eta nekazaritzatik bizi ziren eta egitura sozial oso definituak zituzten haien populazioetan.

Udala eta Aldundiaren laguntza

Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako lan arkeologikoak Hondarribiko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirola Departamentuaren laguntzei esker egin ahal izan dira.

Jaizkibel V izeneko cromlecha Brontze Aroan hilobi gisa erabiltzen zuten (duela 2000 – 3000 urte).