Gaurkotasuna

Atzealdea

Jai Nagusietako egitaraua aurkeztu du Udalak

86 ekitaldi izango dira, guztira, irailaren 6an hasi eta 11ra bitarte.

2017·08·25


Musika, kirola edota gastronomia izango dira aurtengo Hondarribiko Jai Nagusietako protagonistak. Udalak gaur goizean aurkeztu du irailaren 6an hasi eta 11ra bitarte ospatuko diren jaien egitaraua. Guztira 86 ekitaldi izango dira, haur, gazte zein helduentzako zer egin eta zer gozatua eskainiko dutenak. Aurrekontua 269 mila eurokoa da, iazko bera.

Irailaren 6an, goizeko 11etako txupinazioko suziria lehertzearekin batera hasiko dira Jaiak. Haur eta gazteen margo eta grafiti lehiaketak izango dira egunean zehar, eta, gauean, Willis Drummond eta WAS taldeek musikaz beteko dute Bentako eszenatokia. Hurrengo goizean, hiriaren urrezko intsignia banatzeko ekitaldia izango da, eta, arratsalde bukaerako Salbearen ostean, Udal-kideek herritarren omenezko aurreskua dantzatuko dute.

Hilaren 8an, Alardeak hartuko ditu kaleak. Jaietako egun nagusian goizean goizetik gauerarte nagusituko dira txibilito eta danbor hotsak, harik eta, gauean, Gozategiren soinuak txanda hartuko dien arte. Biharamunean, txikienentzako ekitaldiak dira nagusi, tartean moto lasterketa, eta, arratsaldean, Toka txapelketa edota Kemen Dantza Taldearen saioa. Eguna amaitzeko, Aker Odol eta Riot Propagandak kontzertua egingo dute, Bentan.

Jaien azken txanpa ere ez da nolanahikoa izango. Igandean, hilak 10, kuadrillen arteko jokoen eta Adinekoen Omenaldi Bazkariaren txanda iritsiko da. Arratsaldean, musika eta jai-girorik ez da faltako, izan ere Elektropatxarangaren doinu dantzagarriek eguneko musika-emanaldietarako itxaronaldia alaituko dute. Dj Kanu, Pantxoa Carrere, ETS eta disko-festa izango dira zain, inondik ere.

Baserritarren egunak emango die amaiera Jai Nagusiei. Zumardian azoka, bertsolariak, idi-probak,… denetik izango da azken 24 ordu horietan. Ezin ahaztu arratsaldeko profesionalen pilota-partidak edota Kantu Jira. Zer esanik ez, Euskal Pop-Rock izarren kantaldia. Bertan, Gorka Sarriegi, Izaro, Alex Sardui eta Petti izango dira, besteak beste, eta gaurko eta atzoko kantuak abestuko dituzte. Agur gisa, eta jaiak biribiltzeko, Caballer FX etxearen suak.

Ez beti da ez

Aurten, iaz bezala, indarkeriaren aurkako “Ez beti da ez” kanpaina jarri du abian Gizarte Zerbitzuen Sailak. Leloa jasota duten itsasgarriak, kartelak edota lastozko txanoak banatuko ditu Udalak jendartean mezua zabal dadin. Gainera, eta Jaietako erdiguneetako zati direla aintzat hartuta, prebentziorako zenbait formakuntza saio egingo ditu tabernari eta txosnetako kideekin. Jaiak errespetuz eta erasorik gabe bizi daitezen gonbita egin du, honenbestez, antolakuntzak.

 

*Egitaraua webgune honetako atal berezian edota paperean kontsultatu ahal izango da aurki. QR bidez ere deskargatu ahal izango da.