Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Hondarribia

Habiaratutako portletak
Web edukia bistaratu

Gaurkotasuna

Gaurkotasunaren xehetasuna

Eduki publikatzailea
Atzealdea

Ion Areitio kirolari gazteak jasoko du aurten Urrezko Intsignia

2018ko Hondarribiko Hiriko Urrezko Intsignia Ion Areitio Agirre kirolari gazteak jasoko du, duela aste gutxi Suitzan Trial Sin diziplinan Europako Txapeldun izendatu berriak.

2018·08·17


2018ko Hondarribiko Hiriko Urrezko Intsignia Ion Areitio Agirre kirolari gazteak jasoko du, duela aste gutxi Suitzan Trial Sin diziplinan Europako Txapeldun izendatu berriak. Ekitaldia datorren irailaren 7an izango da Udaletxeko Areto Nagusian eguerdiko 12:15ean. Astearte goizean burututako Tokiko Gobernu Batzarrean hartu zen erabakia.

Txomin Sagarzazu Alkateak esan duenez, “2018. urteko Urrezko Intsignia Ion Areitio Agirreri ematea erabaki da, kirol emaitza bikain eta balio nabarmenen bidez, gazteek Hondarribiko gizarteari egiten dioten ekarpenaren adibide ezinbestekoa delako”.

“Kontuan hartu dugu Ion Areitiok gazte-gaztetatik eta urtez urte kirol emaitzen bikaintasuna erakutsi duela dagozkion maila eta txapelketa guztietan, besteak beste 2018an Suitzan Europako txapeldun, 2017an Txinan eta 2016an Italian munduko txapelketan brontzezko domina”.

Axola handiko balioak

“Hortaz gain, bizitzarako axola handikoak diren balioak (norberaren gaitasunak eten gabe hobetzeko ahalegina, lehiakideekiko errespetua, ondo egindako lana, umiltasuna…)  kirol ibilaldian behin eta berriro agertu dituela ere aintzat hartu dugu”.

“Gainera, kontuan hartu dugu gazteek alor guztietan egiten duten ekarpen ezinbestekoa aitortzeak gure gizartearen oraina eta etorkizuna aberastea dakarrela eta Ion Areitio kirol eta lan-bizitza uztartuz horren adibide nabarmena dela, eta, hori gutxi balitz, Hondarribiaren izena Europan eta munduan zehar behin eta berriz hedatzen duela”.