Gaurkotasuna

Atzealdea

Hutsik dauden etxebizitzen azterketa egingo du Udalak

Alokairuko etxebizitzak eta pisu turistikoak ere jomuga ditu abian jarritako egitasmoak.

2018·05·14


Hondarribiko etxebizitzen egoera ikertzeko egitasmoa jarri du abian Hondarribiko Udalak. Herritarren premiak aintzat hartu eta balizko neurriak ezartzeko hutsik dauden etxebizitzak, alokairuko etxebizitzen merkatua eta pisu turistikoak zenbatu eta aztertzeko proiektua bideratu du Ikei Aholkularitza Etxearen laguntzarekin. Datu zehatzak uztailerako espero dituzte, eta, ondoren, beste Udal eta erakundeek hartutako neurriak kontuan hartu eta eginbideak zehaztuko dituzte.

2017ko Eustaten datuen arabera, 8.458 etxebizitza daude, guztira, Hondarribian, eta haien %78 dira etxebizitza nagusi. Gainontzekoek, %22k, bestelako erabilera dute, bigarren etxebizitzarena, esaterako. Txomin Sagarzazu alkatea kezkatuta agertu da egitasmoaren berri emandako prentsaurrekoan, izan ere biztanleen beharrez jakitun, Biziguneren gisako alokairurako laguntzei emandako gehigarriek “ez dute nahi bezalako eraginik izan”.

Honen harira, haien egoera eta erabileraren berri izateko, hutsik dauden etxebizitzen jabeei inkestak bidali dizkie, jada, Udalak. “Erroldatu gabeko biztanlerik ez duen etxebizitza da etxebizitza hutsa”, zehaztu du Maria Serrano Herritarren Arreta eta Turismo zinegotziak.