Gaurkotasuna

Atzealdea

Hondarribiak dantzan egingo du datorren astean

"Hondarribia dantzan" jaialdia asteartean hasi eta igandean bukatuko da.

2018·05·18


Euskal dantzak protagonista izango dira Hondarribian hurrengo astean. Izan ere, Hondarribia Dantzan jaialdiak asteartean hasi eta igandera bitarte eskainiko du zer gozatu eta zer ikasia herrian. Aurten ere, eta badira hamahiru urte, Kemen Dantza taldeak hartu du Udalarekin elkarlanean egitaraua osatzeko ardura. Ikastaroak, hitzaldiak, ikuskizunak, eta, nola ez, erromeria ez dira faltako. “Dantzaren, eta, oro har, folklorearen inguruko festa izango da”, adierazi dute antolatzaileek.

Asteartean, maiatzaren 22an hasi, eta ostegunera bitarte, plazako dantzen doako ikastaroa izango da egunero, 19:00etan, Kultur Etxean. Ostegunean bertan, ikastaroa 20:00etan amaitu ostean, Ane Albisu Ikerfolkeko kideak “Euskalduntasunaren azaleratzea. Soinekoaren estetika eta transmisioa” izeneko hitzaldia emango du toki berean. Astean zehar oinarriak ondo zehaztuta, beraz, asteburuan sortuko da kaleko saltsa. Ostiral gauean, 20:00etan, erromeria egingo dute Arrantzale auzoan, eta, larunbat zein igande, dantza-talde ugari jardungo dira karrikaz karrika dantza-giroa pizten. Emanaldi nagusiak, hori bai, Arma Plazan izango dira.

Aurtengo ekitaldia berezia izango da Kemen Dantza Taldearentzat. 45. urteurrena ospatzen ari dira, eta euren ibilbideari egiten ari zaizkion omenaldian Hondarribikoa aparteko zita izango dela adierazi du Mikel Button ordezkariak: “Dantza Taldean ibilitako guztiek parte hartzea nahi dugu, eta baita herriko zein eskualdeko herritar guztiek ere”. Ildo horretan, Kalixa Silanes Kultura zinegotziak bereziki gazteei luzatu die gonbita: “Ea lortzen dugun belaunaldiz belaunaldi dantza eta euskal kultura mantentzea”.