Gaurkotasuna

Atzealdea

Hiritarren %24'6k egiten du euskaraz Hondarribian

Gazteen kasuan zifra asko jaisten da, eta erabilera gehien haur eta gurasoen artean ematen da

2017·03·10


Gure hirian euskararen kale erabileraren neurketari buruzko datuen aurkezpen publikoa egin zen atzo Alde Zaharreko Kultur Etxean. Soziolinguistika Klusterrak Hondarribiko Udalaren aginduz egin den ikerketa aurkezpenean Arantxa Berrotaran Euskara zinegotzia eta Belen Uranga elkarteko ordezkaria egon ziren, baita hainbat hiritar ere.

Hondarribian 2016ko udazkenean irailaren 23tik urriaren 23 arteko epean, hiriko eremu nagusietan, hau da Amute-Kosta, Portua, Akartegi, Alde Zaharra, Puntalea eta Zimizargan euskararen ahozko kale erabileraren neurketan Soziolinguistika Klusterrak jasotako datuen berri eman zen.

Neurketa honen helburua kalean egiten den hizkuntza erabileraren errealitatea ezagutzea da. Datuek diotenez, Hondarribian dagoen euskaldun kopurua 9.524koa da (%60), baina horietatik bakarrik %24’6-k egiten du euskaraz eta %73’2k gazteleraz.

Adin taldeen arabera, haurren (2-14 urte) %41’6-k egiten du euskaraz, gazteen (15-24 urte) %11’3-k, helduen (25-64 urte) %20’1 eta adinekoen artean aldiz, (65etik gora) %20 entzun dira euskaraz.

Auzoei dagokienez, gehien Amute-Kostan eta Akartegin egiten da, %31rekin, ondoren Zimizargan %25, eta azken tokietan Puntala eta Alde Zaharra %20’9 eta Portuan %20’6.

Arantxa Berrotaran Euskara zinegotziak dioenez, “datuak ez dira batere onak. Gazteek hain gutxi erabiltzea arazoa da eta denen artean landu behar dugun zerbait da. Oso esanguratsua da ere euskara gehien erabiltzen den unea gurasoak eta haurrak elkarrekin daudenean dela, eta batez ere haurrek hitzegiten dutenean gurasoekin. Badugu bai lana, bai Udaletik, baita elkarte, agente eta nola ez, euskaraz dakigun hiritarron aldetik ere. Denon esku dago”.