Gaurkotasuna

Atzealdea

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra onartu zuen atzo Plenoak

EAJ alde, PSE-EE eta PP abstentzioa, eta ABOTSANITZ zein EH BILDU-k aurka bozkatu zuten

2017·06·09


Ekaineko Ezohiko Osoko Bilkurak atzo Hiri Ordenamendurako Plan Orokorra (HAPO) onartu zuen bi ordu iraun zituen saioan. EAJ-k aldeko botua eman zuen, abstentzioa PSE-EE eta PP-k, eta aurkako botoa ABOTSANITZ eta EH BILDUk. Puntu bakarra izan zuen bilkurak.

Txomin Sagarzazu Alkateak esan zuenez, “HAPOaren behin-betiko onarpena oso garrantzitsua da Hondarribiarentzat, gure hiria datozen urteetan nola egituratuko den finkatzen digu eta. Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiet prozesu honetan parte hartu duten guztiei: aurreko Alkate eta zinegotziei, teknikari eta administrariei eta Planaren idazleari eta kolaboratzaileei, eta Planeamentu Aholku Batzordean parte hartu duten herritarrei ere”.

“Gaur onartzera ekarri dugun dokumentuak lau agiri ditu: memoria, planoak, hirigintza arauak, bideragarritasun azterketa eta iraunkortasun ekonomiko eta finantzarioa. Ez naiz hasiko datu guztiak zerrendatzen, baina aipatu dezakegu datozen 12 urteetarako 1.566 etxebizitza eraikitzea aurreikusten duela HAPO-ak, horietatik %57 (891) publikoak  edo babes ofizialekoak eta beste 656 (%42) errejimen librean”.

“Jarduera ekonomikoari dagokienez, garapen berriko jarduera-lurzoruetarako 33,7 hektarea proposatzen dira Hondarribiko udal-barrutirako. Orain artekoei erantsiz gero, denetara 45,9 hektarea izango ditu Hondarribiak” gehitu du Sagarzazuk.

“Datozen urteetan Plan Orokorraren garapenerako behar den inbertsioa 117 milioi eurokoa da. Udalak jarri beharrekoa kopuru horretatik 53 milioi euro dira, eta Udalak lortutako hiri-zoruaren eskubideen balioa eta nahitaezko lagapenaren balorazioa eta beste zenbait konpentsaziok 55 milioi euro suposatzen dute. Ondorioz, esan dezakegu Udalak baduela HAPOa garatzeko finantziazio-iturria”.

Oposizioko alderdien iritzia

ABOTSANITZek aurkako bozka eman zuen. “Prozesua asko luzatu da, duela 10 urteko gizartean oinarritzen da eta gizartea eraldatzen doa. Gainera, juridikoki legez kanpo dauden gaiak badira, adibidez Zaldunborda inguruan egin nahi den proiektua. Horregatik, gai hau HAPOtik ateratzea eskatzen dugu. Ez gaitzazue behartu juridikoki irregulartasunak dituen Plan bat bozkatzera”.

EH BILDUk ‘ezezko borobila’ eman zion HAPOari eta aurka bozkatu zuen. “Parte hartze prozesua ez da legeak agintzen duen bezala garatu, luxuzko bigarren etxebizitzen merkatu espekulatiboan jartzen du fokoa. Turismoaren garapenari begira egindako plana da eta euskarari kalte egiten dio. Bozketa nominala egin beharko litzateke, Zaldunborda Gainako proiektuak zalantza handiak sortzen dizkigu”.

PSE-Eek “abstentzio eraikitzailea’ bozkatu zuen. “Haseran pasa zitzaigun zirriborrotik gure alderdiak egindako hainbat hobekuntza gehitu dira, arima soziala eman ahal izateko planari. HAPOak ematen dituen diru-sarrerak hiritarrarengan bana daitezela eskatzen dugu”.

PPk abstentzioa erabaki zuen, “HAPOan agertzen diren alokairu sozialeko etxebizitza guztiak egiteko finantzazio-arazoak izango ditugulako eta hor arazo bat izango dugulako etorkizunean”.