Gaurkotasuna

Atzealdea

Higerreko itsasargira doan errepidea konpontzeko lanak udazkenean hasiko dira

Prentsaurrekoa eta obra-bisita egin zuten atzo Txomin Sagarzazu Alkateak eta Aintzane Oiarbide diputatuak

2017·03·22


Udazkenean hasiko dira Higer bideko errepidea egonkortzeko lanak. Hala esan dute prentsaurrekoan eta jarraian egin den bisitan Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkateak eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako foru diputatuak.

“Higerreko Itsasargira doan errepidea egonkortzeko lanak, eta nola ez, behekaldean kokatzen diren Lurgorri eta Iterlimeneko urbanizazioetara dauden lur-jausiak konpontzeko bidean aurrera egiteko, udazkenean hasiko dira” dio Aintzane Oiarbidek. “Aldunditik hartu dugun konpromezu bat da, denboran luzatu egin den arazo baten aurrean Aldundiak lidertza hartu eta proiektua idatzi eta ia amaituta daukagu”.

Txomin Sagarzazu Alkateak esan duenez “pasatako otsailaren 26an Udaletxean bilera egin genuen erakunde guztien artean, Udala, Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Estatuko Costas-eko zuzendaritzaren artean. Bertan erabaki zen Aldundiko Bide Azpiegituretatik lidertza hartu eta proiektua idatzi egingo zela eta lau aldeen artean akordio batera lortzeko hitzarmenaren zirriborro bat egin zen”.

Erakundeen babesa

“Gogoratu nahi dut ere, urtarrilaren amaieran Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoaren eta Azpiegituren sailburua den Arantxa Tapia Hondarribian izan zela eta proiektuaren alde egiteko konpromezua agertu zuela. Hainbat kontaktu eta lan-bilera ostean, gaur Aldunditik esan zaigu aste honetan edo hurrengoan gehienez proiektua jasoko dugula Udalean. Hala, apirilaren hasieran lau erakundeen artean egingo dugun hurrengo hitzorduan hitzarmen bat sinatzea aurreikusten dugu, aurrera segi ahal izateko” gehitu du Sagarzazuk.

“Pozik nago oso gai korapilatsua delako eta aurten bertan obrak hasiko direlako. Aipatu nahiko nuke ere, Udalak, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 2017ko aurrekontuetan obra hau aurrera eramateko partida badutela, eta horrek lasaitasuna ematen digu. Duela hiru urte itsas-denboralearen ondoren Costas-eko Zuzendaritza Orokorrak egindako inbertsioa ezin dugu ahaztu, eta orain akordio batetan dena nola integratu landu behar dugu, Hondarribiarentzat oso proiektu garrantzitsua da eta”, amaitu du Sagarzazuk.