Gaurkotasuna

Atzealdea

Higer errepideko itsaslabarra egonkortzeko erakundeen arteko akordioa

Plenoan onartu zen atzo, EAJ, ABOTSANITZ, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin; EH BILDU abstenitu egin zen.

2017·07·12


Atzo arratsaldez uztaileko ezohiko osoko bilkura ospatu zen. Bertan, GI-3361 errepidearen eta Ramon Iribarren pasealekuaren arteko Iterlimeneko itsaslabarra egonkortzeko proposamena onartu zen. EAJ, ABOTSANITZ, PSE-EE eta PP alderdiek aldeko botoa eman zuten, eta EH BILDUk abstentzioa.

Euskadiko Autonomia Erkidegoaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Hondarribiko Udalaren arteko lankidetza hitzarmena zen onartu zena. “Udalarentzat hiritarren segurtasuna oso garrantzitsua da. Hainbat bilera egin ditugu eta orain zirriborroa aztertu ondoren, ahal den azkarren onartu egin behar dugu aurten bertan obrak hasteko. 3.148.942 euroko aurrekontuarekin hobekuntza lanak azaroan hasteko asmoa da eta 2018ko martxoan amaitzeko” esan zuen Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkateak.

“Aipatutako hiru erakundeen artean %33 ordainduko dugu bakoitzak, eta kopuru horri 2014an Espainiako Gobernuko Costas departamentuak jarritako 996.000 euro batu behar zaizkio. Lehenik eta behin obra deialdia egin behar da. Foru Aldundiak egingo du prozesua, baita ondorengo obraren zuzendaritza ere. Erakunde guztiek osatutako jarraipen batzorde bat egongo da” gehitu du Sagarzazuk.

ABOTSANITZ taldeak aldeko botoa eman zuen, “segurtasuna guretzat lehentasuna baita. Baina akordioan dauden zenbait atalek sortzen dizkiguten dudak zehaztea eskatzen diogu Udalari, hortan lanean hasi dadila. Adibidez, aurrerantzean lur eremuaren jabe nor izango den”.

EH BILDUk abstentzioa erabaki zuen. “Premia nabaria dauka proiektu honek baina guk abstentziora joko dugu, ez bait dakigu eremuaren titularra zein izango den”.

PSE-EE alderdiak aldeko botoa eman zuen. “Bizilagunentzat segurtasun falta da, eta goiko errepidetik kamioi asko pasatzen dira. Udalari eskatzen diogu inguruaren ikerketa bat egitea eta beharrezkoak diren alternatibak bilatzea”.

PP ere ados zegoen. “Azkenean lortu da eskatzen genuena. Hala ere, goiko errepidera erortzen diren uren kontua ez da argitu”.