Gaurkotasuna

Atzealdea

Hego-mendebaldeko egurrezko eraikin handiena egiten ari dira Muliaten

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurrale Plangintza eta Etxebizitza sailak antolatuta bisita egin zen atzokoan

2017·03·30


Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzak antolatua Muliate II-ko etxebizitzetara bisita antolatu zen atzokoan. Iñaki Arriola Sailburuak eta Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkateak Visesa sozietate publikoa Hondarribian egiten ari den egurrezko etxebizitza-blokea bisitatu zuten.

“Material hau erabiliz Europako hego-mendebaldean inoiz egin den bizitegi-eraikin handiena eta altuena da. Bisita honen bitartez, teknologikoki aurreratua eta ingurumenari dagokionean iraunkorra den eraikuntzako elementu gisa egurraren alde Visesak egindako apustuari balioa eman nahi izan zion Arriola sailburuak. Bertan, hauxe adierazi zuen: “kalitatearekin eta berrikuntzarekin erabat bateragarria da, bai eraikuntzako teknikei dagokienean, bai isolamenduarekin, energia-eraginkortasunarekin eta, oro har, bizigarritasunarekin zerikusia duen guztiari dagokionean”.   

Txomin Sagarzazuk esan duenez,  “Hondarribiarentzat oso garrantzitsua den proiektu baten aurrean gaude. Aurreko legealdetik dator, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako akordio baten ondotik. Lehen mailako proiektua da, berriztatzailea eta pozik egoteko modukoa da Hondarribian egin izana”.

Eraikinak hormigoi armatuko egituraz egindako lurpeko 2 garaje-solairu eta behe-solairu komertzial bat ditu. Goiko lau solairuetan eta estalkietan egurra era integralean erabili da (hormak, forjatuak, eskailerak…) egur kontralaminatuko panelak (CLT) ezarriz. Mota honetako eraikuntzetan elementu guztiek —horma nagusiek, fatxadek edo barruko banaketek— kargen transmisioan parte hartzen dute eta multzoaren egonkortasuna lortzeko txarrantxatze-funtzioak hartzen dituzte.

2200 m3 pinu-egurrarekin

Panelak fabrikatzeko eta muntatzeko prozesua industriala da eta Egoin euskal enpresak burutu du Eako bere fabrikan, Bizkaian. Guztira, inguruko basoetatik hartutako radiata pinuko egur kontralaminatuko 2.200 m3 erabili dira. Egurrezko eraikuntza industrializatuen muntaketak oso denbora laburrean egiteko aukera ematen du, klimatologia bezalako aldagaiek eragindako desbideratzeak minimizatuz. Hondarribiko eraikinaren kasuan, egurrezko panelak fabrikatzeko, muntatzeko, garraiatzeko eta ipintzeko prozesuari esker, obraren exekuzioa lau hilabetetan murriztu da.

Hondarribiko eraikinak izugarrizko ikusmina eragin du eraikuntzaren sektorean eta arkitekturaren arloan. Horregatik, obrara bertara bisita informatibo ugari ari dira antolatzen. Gainera, teknika berarekin eraikitzen ari diren beste eraikin batekin —Kanadako Vancouverren kokatutako Columbia Britainiarreko Unibertsitateko ikasleentzako egoitza bat— alderatzeko azterketa baten barruan dago bloke hau.