Gaurkotasuna

Atzealdea

Hegaztirik politenak Nazioarteko Ornitologia Lehiaketan

Gaur hasi eta igandera bitarte izango dira hegaztiak Jostaldi pilotalekuan.

2017·11·06


Mundu zabaleko hegaztiak ikusi ahal izango dira Hondarribian Nazioarteko Ornitologia Lehiaketari esker. Lagun Onak Irungo Ornitologia Elkarteak Iparraldeko eta Gaztela eta Leongo Federakuntzekin elkarlanean antolatu du ekitaldia hirugarren urtez, eta, aurten ere, alerik bikainenak espero ditu. Hegaztiak ostirala eta igandea bitartean izango dira ikusgai Jostaldi pilotalekuan, izan ere erakusketa osatu eta sarituen aukeraketa egingo da, aurrez, astean zehar.

Espainiar Estatuko, Frantziako eta Portugalgo parte-hartzaileak izango direla aurreratu du Juan Oiarzabal antolakuntzako kideak: “Estatuko lehiaketarik garrantzitsuenetakoa da hau. Munduko txapeldun izandako hazleen txoriak izango ditugu gurean”. Ildo beretik, hegazti zoragarriak ikusteko parada nabarmendu nahi izan du Kalixa Silanes Udaleko Kultura Zinegotziak: “Ohorea da ekitaldi hau gurean izatea. Nazioartean kokatzen gaitu, eta aukera ederra da hegaztiak bertatik bertara ikusi eta gozatzeko”.

Urtebete baino gazteagoak diren hegaztiak dira denak. Epaimahaiak kolorea edota postura izango ditu aintzat kategoria bakoitzeko sarituak hautatzeko. Gaur eta bihar aurkeztuko dituzte parte-hartzaileek, eta hurrengo bi egunetan emango du juzkua nazioarteko kideek osatutako epaimahaiak. Ostiral eta larunbatean frontoiko ateak zabaldu eta nahi duenak 10:00etatik 20:00etara izango du haiek ikusteko aukera. Igandean ere beta izango da goizeko 10:00etatik 12:00etara. Amaitzeko, sari-banaketa egingo dute eta, bazkaria, Batzokian, erremate gisa.