Gaurkotasuna

Atzealdea

Gabonetako argiak jartzeko lanak hastear daude

Hirian zehar urtero jartzen diren Gabonetako argiak igandean hasiko dira jartzen. Bi astez, zenbait kale eta auzoetan ipiniko dira.

2016·11·17


Gabonak hurbil ditugu. Horren seinale izan ohi dira urtero hirian zehar pizten diren argiak. Argiak jartzeko egin beharreko aurretiko lana igande honetan hasiko da eta datozen bi asteetan jarraituko. Arma plazan eta Gipuzkoa plazan egunez egingo dira eta Kale Nagusian eta Zuloaga kalean igandetik astelehenerako gauean.

Azken urteotako asmoari jarraituz, aurten kontsumo oso baxuko argiak erabiliko dira. Aurrekontu osoa 39.930 eurokoa da, materialea, muntaia, mantenimendua eta instalakuntza berriz jasotzea barne.

“Aurten zenbait aldaketa burutu ditu Udalak” dio Maria Serranok, Merkataritzako zinegotziak. “Matxin Artzu, Bernat Etxepare eta San Pedro kale osoan jarriko dira. Gogoratu behar dugu iaz kale erdia obretan zegoela. Ahalik eta gune gehiagotara heltzeko esfortzua egin da”.

Gabonetako argiztapena honako gune hauetan jarriko da: Mendelu, Amute, San Pedro, Matxin Artzu, Bernat Etxepare eta Zuloaga kaleak, Arma Plaza eta Gipuzkoa plaza,San Nikolas zubia eta Gabarrari zein Minasoroetako biribilguneak.