Gaurkotasuna

Atzealdea

Fenomenak musikaz beteko du Hondarribiko Alde Zaharra

Fenomena Hondarribia jaialdia antolatu dute Fenomena Kultur Elkarteak eta Hondarribiko Udalak, larunbaterako, urriaren 8rako.

2016·10·03


Ekimenak rock musika eta haren eratorriak eramango ditu Hondarribiko Alde Zaharrera, egun osoa hartuko duen egitarau anitz batekin.

  • 11:00 (Apezpiku Plaza): SANTAMARIAMADALENAren eskutik, haurrentzako tailer bat egongo da, ondorengo emanaldiak hartuko dituzten guneak apaintzeko.
  • 12:00 -15:30 (Apezpiku Plaza): LOCO SOUND OF TEPPAZ. Bordeletik (Frantzia) datorren DJa da, eta aspalditik dabil han eta hemen musika jartzen eta animazio lanetan. Haren bereizgarrietako bat da erabiltzen duen ekipamendu guztia (disko-biragailutik bafleetaraino) 60. hamarkadan erabiltzen zirenak direla. Haren musikan hainbat estilo nahasten dira: rock’and’roll, Boogaloo, garage eta abar. Loco Sound ez da musika jartzera mugatzen. Aitzitik, dibertitzeko eta jendea kutsatzeko ere erabiltzen ditu bere saioak.
  • 16:00 (Kasino Zaharra): EVERYBODY HERE WANTS YOU (Ordizia).  JEFF BUCKLEY musikari zenduak 1994ean grabatu zuen GRACE diskoari egindako omenaldi zintzoa da,. 90. hamarkadako diskorik garrantzitsuenetakoa bihurtu zen. Disko horretako kantak abestea erronka bat da, eta gutxi batzuen esku dago, ahotsari dagokionez zailtasun handikoa baita.
  • 17:15 (Apezpiku Plaza): MANDELA SELEKTAH. Lakuntzatik (Nafarroa), Nestor Sierrak australiar rockari buruzko maisu eskola emango du. Aussie Rock Session saioak iraungo duen bi orduetan, rock-aren hainbat korronte jorratuko ditu, eta mundu osoko herri kulturari australiarrek egin dioten ekarpenaren berri emango du. Estiloa gorabehera, antipodetatik datorren musikak erraz ezagutzeko moduko nortasun ikurrak ditu.
  • 19:15 (Kasino Zaharra): JOSEBA IRAZOKI ETA LAGUNAK. Hainbat talde eta abeslarirekin ibilbide oparoa eta azkarra egina da (DUNCAN DHU, NACHO VEGA eta abar). Baina horrek ez dezala arreta desbideratu: JOSEBA IRAZOKI beratarra, gure musika eszenako musikaririk sendo eta sortzaileenetakoa da. Inork ez bezala uztartzen ditu talentua, musikarako trebetasuna, eta sormena.  LAGUNAK izendatzen dituen musikarien taldea ere, gozatzeko modukoa da. 
  • 21:00-23:00 (Apezpiku Plaza): DON LOOPE. Mexikotik,   70. hamarkadako Afro Beat erritmoak ekarriko ditu. Haren ibilbideak  Hego Amerikarainoko bidea egingo du, musika beltza eta indiarra uztartzeko. Groove musika parrastaka ekarriko du.