Gaurkotasuna

Atzealdea

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta jarduera sorta Hondarribian

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen denez, hainbat ekitaldi izango ditugu Hondarribian egun hauetan

2016·12·01


Bihar abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Hondarribia ez da salbuespena izango, eta ekitaldi sorta oparoa antolatu da asteburuari begira. Aipatzeko modukoa da ere Udala osatzen duten alderdi guztiek bat egin dutela EUDELetik egin den Euskararen Eguneko adierazpenarekin. EAJ, ABOTSANITZ, EH BILDU, PSE-EE eta PPk sinatu dute.

‘Zer egin dezaket nik euskararen alde’ lelopean, adierazpenak dio bi hizkuntza ditugula ofizialak Euskal Autonomia Erkidegoan. Baina helburu izaten jarraitzen du, gizartean oro har, hizkuntzen arteko berdintasun sozialera iristeak. Euskara hizkuntza erabilia eta bizia izatea: hori de denon helburua. Guztion gogoa eta ahalegina eskatzen dituen helburua.

Atzo osteguna, Mintzodromoa ospatu zen Donibane Lohizunen, hainbat hondarribiarrek parte hartu zutelarik. Gaur ostirala, goizeko 9:00etatik 13:00etara, Kasino Zaharrean Gaztedromoa ospatu da, han izan dira Hondarribiko hiru ikastetxeetako gazteak euskaraz jarduten eta bere laguntza eskaintzen.

Astebururako jarduerak

Bihar larunbata, goizeko 11:00 eta 12:00etan, ARMA PLAZA Fundazioak antolatuta, Tren Berdeak doako ibilbide gidatuak egongo dira, azalpenak euskaraz emango direlarik.

Arratsaldeko 20:00ean, Itsas Etxea Auditoriumean ‘Igelak’ filmea eskainiko da euskaraz. Patxo Telleriak zuzenduta, Gorka Otxoa eta Josean Bengoetxea dira protagonistak. Sarrerak 4 eurotan, https://ticket.kutxabank.es gunean.

Ordu bete beranduago, 21:00etan, Itsas Lur Elkartean bertso afaria hasiko da, Alaia Martin eta Julio Soto bertsolariekin.

Igandean, 20:00etan, ‘Francoren bilobari gutuna’ euskarazko antzerkia izango dugu Itsas Etxea Auditoriumean, Ximun Fuchs-en zuzendaritzapean. Gidoia Unai Iturriaga eta Igor Elortzak egin dute.