Gaurkotasuna

Atzealdea

Euskal Herriko Gazte Orkestra Hondarribian larunbata honetan

Lau egunetako bira Hondarribian hasiko da eta orkestra Bilbo, Donostia eta Gasteiza eramango du, Stravinsky eta Rachmaninov-en lanekin

2018·07·18


Azken urteetako uztaileko agendan errepikatuz, larunbata hilaren 21ean Euskal Herriko Gazte Orkestrak kontzertu berezi bat eskainiko du Hondarribian. Itsas Etxea Auditoriumean gozatu ahal izango den emanaldia 20:00etan hasiko da, eta gero hiru euskal hiriburuetara eramango duen bira hasiko du. Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Hondarribian eskainiko ditu kontzertuak EGOk.

Sarrerak 12 eurotan saltzen dira https://tickets.kutxabank.es/ES/ gunean, ARMA PLAZAn eta Itsas Etxea Auditoriumean larunbatean kontzertua hasi baina bi ordu aurretik. 18 urtetik beherakoentzat sarrerak 5 eurotan saltzen dira.

Aurtengo egitarauan, Euskal Herriko Gazte Orkestrak bi arte lan eskainiko ditu: Igor Stravinsky-ren ‘Suzko txoria’ eta Sergei Rachmaninov-en ‘Pianorako eta Orkestrarako 2. Kontzertua’. Juan Jose Ocon-en zuzendaritzapean, solista lanean Jon Urdapilleta ariko da.

‘Suzko txoria’-ren musika zoragarria da. Stravinsky fenomeno hutsa zen orkestra-arloan. Baletaren hasierako gau-giroa magikoa da, misteriotsua eta guztiz ezohikoa. “Glissandiaren” pasartea, sarreraren amaieran hari-instrumentuetan sartutakoa, piezaren soinu ederrenetako bat da.

Rachmaninov-en pianorako eta orkestrarako kontzertuen artean, Bigarrena eta Hirugarrena dira ohikoenak kontzertuaretoetan. Bere Lehenengo Sinfoniaren estreinaldia erabateko porrota izan zen, eta hark eragin zion sormen-krisia gainditzetik sortu zen Bigarrena.

Hogeita bat urte badira jada Euskal Herriko Gazte Orkestra sortu zela (1997an). Hona hemen orkestraren jarduna adierazten duten datuak: musika sinfonikoko eta ganbera-musikako 150 kontzertutik gora eskaini ditu, nazioarteko biretan dozena-erdi herrialde bisitatu ditu, 120.000 ikus-entzule baino gehiago izan ditu eta 1.000 gazteren partaidetza izan du 21 urte hauetan zehar.

Orkestraren xedea hau da: gure musikari gazteek errepertorio profesionala izatea, programazio konplexu baten bitartez. Gainerako hautagaiek dituzten aukerekin parekatzeko tresna pedagogikoak eskaini behar dizkiegu gure gazteei, ez baitago merkatu hain gogor eta orokorrean lehiakorrak izateko beste modurik.