Gaurkotasuna

Atzealdea

Eskifaia abesbatzaren urteroko udako kontzertua larunbatean

Gaueko 22:00etan hasiko da eta harresietan burutuko da. Abesbatzak dituen hiru taldetatik bi ariko dira.

2017·07·26


Hondarribia Eskifaia Abesbatzak datorren uztailaren 29an, larunbata, udako ohiko gaueko kontzertua eskainiko du.  Bertan erakundeko hiru abesbatzetatik bik hartuko dute parte, izan ere haurren abesbatza oporretan dago.  

Lehenengo zatian ahots zurien Xatz Eskifaiak hartuko du parte, eta bigarrena Eskifaia abesbatza mistoaren kontura joango da.  Kontzertua Hirigune Historikoko Erreginaren Baluartean izango da, 22:00etan.

Xatz Eskifaiak, Amaia Aldalur zuzendari duela, emango dio hasiera kontzertuari, eta programa arin eta askotarikoa eskainiko digu. Esther Barandiaranek lagunduko du, pianoarekin. Gainera Ion Makuso biolinistaren laguntza izango du pieza batean.

Bigarren zatian Eskifaia Abesbatzak, Gorka Aierbe zuzendari duela, emanaldi berezia eskainiko du. Darío Mayaren laguntza izango du obra batean, hain zuzen ere Iñaki Gezalak (abesbatzako kidea) pianoarekin lagunduko duen piezan.  Kontzertuan zehar zenbait perkusio laguntza entzungo dira.