Gaurkotasuna

Atzealdea

Erdi Aroko pintxoak, laster, Hondarribian

Erdi Aroko Pintxo Lehiaketa ekainaren 1ean hasi eta 10ean bukatuko da.

2018·05·24


Erdi Aroko jitea duten pintxoak dastatu ahal izango dira Hondarribian ekainaren 1etik 10era. Hilaren 9ko asteburuan izango den azoka bereziaren arrimuan, herriko ostalarien arteko XI. Erdi Aroko Pintxo Lehiaketa antolatu du Udalak Erdi Aroko Hirien Sarearekin elkarlanean. Mendeetan atzera iberiar penintsulan eskura zitezkeen osagaiak bakarrik izango dituzte pintxook. Gaur goizean egin dute lehiaketaren aurkezpena sustatzaile eta parte hartzaileek.

Maria Serrano Turismo zinegotziak eman ditu lehiaketaren inguruko xehetasunak: “Aurtengo edizioan, Ondarribi, Gran Sol, Danontzat, Sardara eta Enbata tabernak lehiatuko dira Hondarribiko Erdi Aroko Pintxo Onenaren Saria eskuratzeko. Horien arteko irabazleak herria ordezkatuko du azaroak 16tik 18ra Olivenzan, Badajozen, egingo duten XI. Pintxo eta Tapen Nazioarteko Lehiaketan”.

Juan Carlos Ferrando (Villa Magalean hoteleko Mahasti jatetxea), Arantxa Ayala (Laia erretegia) eta Jon Etxeberria (Hiruzta txakolindegia) sukaldariek izango dute pintxorik onena hautatzeko ardura. “Aurkezpena, zaporea eta pintxoaren osotasuna hartuko ditugu aintzat”, azaldu du Etxeberriak.

Parte hartuko duten tabernen izenean mintzatu da, berriz, Gorka Souto, Sardara jatetxeko sukaldaria: “Dagoen lehiaketarik zailenetakoa da, gure sukaldaritzan oso barneratuta ditugulako patata, piperrak edota artoa”. Erronkak, baina, bere saria duela nabarmendu du segidan: “Jendea jakinminez etortzen da gurera lehiaketan zehar, somatzen dugu ikusmina”.

Herritarren botoa

Lehiaketak Erdi Aroko Pintxo Onenarena ez ezik, Herritarren Saria ere banatuko du. Boto gehien jasotzen duen tabernak eskuratuko du, Maria Serranok azaldu duenez: “Hiru pintxo janda, antolakuntzak banatutako eskuorriaren bitartez botoa emateko aukera izango du jendeak”. Parte-hartzaileen artean, Laguardian asteburua pasatzeko aukera zozkatuko dute.