Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Hondarribia

Habiaratutako portletak
Web edukia bistaratu

Gaurkotasuna

Gaurkotasunaren xehetasuna

Eduki publikatzailea
Atzealdea

Era guztietako ekitaldiak Udalak eta Balazta Elkarteak antolatutako Mugikortasun Astearen barnean

‘Zure osasunagatik, mugi zaitez modu iraunkorrean’ lelopean ospatuko du Hondarribiak irailaren 16tik 22a bitartean Mugikortasunaren Europako Astea. Aurkezpena atzo egin zen Udaletxeko Areto Nagusian, eta han izan ziren Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotzia eta Alicia Pino, Balazta Elkarteko ordezkaria.

2021·09·14

‘Zure osasunagatik, mugi zaitez modu iraunkorrean’ lelopean ospatuko du Hondarribiak irailaren 16tik 22a bitartean Mugikortasunaren Europako Astea. Aurkezpena atzo egin zen Udaletxeko Areto Nagusian, eta han izan ziren Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotzia eta Alicia Pino, Balazta Elkarteko ordezkaria.

“Udala eta Balazta Elkartearen artean, garraiobide jasangarrien erabilera sustatzeko helburuarekin, hainbat ekintza antolatu dira, gehienak astebukaerari begira” esan zuen Silanes zinegotziak. “Udal Gobernu Taldearen apustua garbia da mugikortasunaren alde. Asko dira azken hileotan abian jarri diren ekimenak, baita mugikortasun mahai eta ordenantza bat ere, eta bide horretatik jarraituko dugu, inongo dudarik gabe”.

“Besteak beste, bizikleta konpontzen ikasteko tailer bat, adinentzako triziklo paseoak, bizikleta martxa bat edo hiri barruan mugitzeko ibilgailu desberdinei buruzko jardunaldia egingo dira, besteak beste, datozen egunotan Hondarribian” gehitu du Silanesek. 

Ekitaldi ugari

Ostiralean, esate baterako, mugikortasunari buruzko jardunaldi berezia egingo da Kultur Etxean, 18:30etik 20:30era. Bertan, mugikortasunari buruzko III. Argazki Lehiaketaren sariak banatuko dira eta “Guerra en las carreteras británicas” dokumentala ere proiektatuko da, bizikleta eta kotxeen arteko elkarbizitzaz hitz egiten duen filma.

Larunbatean, 10.00etatik 13.00etara, Balazta Elkarteko kideen eskutik adinekoentzako triziklo paseoak antolatu dira. Irteerak San Gabriel egoitzatik izango dira eta herriko kaleetatik zehar ibiliko dira. Bestalde, eta ordu tarte berean, Kasino Zaharreko lorategietan adin guztientzako hiru ekintza egingo dira: batetik, Pedalei eragin energiaren alde izenekoan, haurrek hartu ahal izango dute parte, eta bertan egongo diren bizikleten pedalei eraginez energia nola sortzen den ikusteko aukera izango dute; bestetik, bizikleta konpontzen ikasteko tailerra eskainiko du Balazta elkarteak (Bizikleten diagnostikoa), oinarrizko konponketa eta doikuntza txikiak egiten ikasteko; eta, azkenik, Segurtasuna bizikletan ekitaldian, gazteek hiri barruan mugitzeko ibilgailu desberdinak probatu ahal izango dituzte eta ibilgailu ezberdinen arteko bizikidetza-araudia ikasteko ibilbide bat ere egiteko aukera izango dute. Eguraldi txarra egingo balu, ekintza hauek Soroeta pilotalekura aldatuko lirateke.

Hondarribiko Mugikortasunaren Europako Astearen programarekin jarraituz, igandean bizikleta martxa bat egingo da Gernikako arbolaren plazatik, eta aurtengoan Hondarribiko eta Irungo bizikleta martxek bat egingo dute Irungo Letxunborro Hiribidean, ibilbidearen zati bat elkarrekin eginez. Amaitzeko, bizikleta festa bat egingo da Kandido Saseta plazan, non haurrek ginkana eta mugikortasunaren aldeko grafiti herrikoi batean parte hartzeko aukera izango duten.

Asteari bukaera emateko, datorren asteazkenean Kosta kalea hobetzeko parte-hartze prozesua abian jarriko da, prozesuaren lehen saioa eginez. Horretarako ibilaldi “kritiko” bat antolatu dute, mugikortasun eta irisgarritasunaren ikuspuntutik kalearen beharrak zeintzuk diren ezagutzeko eta konponbideei buruz eztabaidatzeko bizilagunekin. Ekimena 18.30tik 20.30era izango da Amute-Kosta auzo elkartean.

Bestalde, eta asteak irauten duen bitartean, ‘Bizikletaren liburu txokoa’ egongo da zabalik Udal Liburutegian.