Gaurkotasuna

Atzealdea

Emakumearen Astean ekitaldi ugari egongo dira Hondarribian

EMEKI Elkarteak eta Hondarribiko Udalaren artean aste oparoa prestatu dute martxoaren 8aren inguruan

2017·03·03


Datorren asteazkena, martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Horren harira, EMEKI Elkarteak eta Hondarribiko Udalak’Emakumearen Astea’ antolatu dute. Emakume artisten erakusketak, film proiekzioa, solasaldia eta omenaldi bat ere aurreikusten da programazioan.

Aurkezpen ekitaldian parte hartu dute, EMEKI Elkartetik Kontxi Galardi eta Mari Carmen Agirre presidente eta presidente-ordeak, Arantxa Berrotaran Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak eta Ana Mari Elizazuk, omenduta izango den emakumeak.

Martxoaren 6tik 12ra, ARMA PLAZAko eraikineko bigarren solairuan, ‘Emakume artistak’ erakusketa egongo da. Astelehenetik larunbatera 10:00etatik 19:00etara irekitzen da eta igandean, 10:00etatik 14:00etara.

Martxoaren 8an, ‘Las maestras de la República’ filmea eskainiko da gazteleraz. Arratsaldeko 19:00etan izango da Itsas Etxea Auditoriumean.

Martxoaren 9tik 12ra, 16:00etatik 18:00etara, Emekiko ikasleen lanen erakusketa egingo da elkarteak Molla ibilbidean duen egoitzan. Trikotak, eskulanak, jantzigintza, bitxiteria… ikusteko aukera egongo da.

Martxoaren 11n, arratsaldeko 18:30ean ‘Lehenengo andereñoak’ solasaldia egongo da euskaraz elkartean bertan, eta jarraian afari-merienda.

Azkenik, igandean eguerdiko 12:00etan, Ana Mari Elizazu Aizpeolea hondarribiarrari omenaldia egingo zaio. 1971-1972 ikasturtetik andereño, 6 seme-alaben ama, urte askotan Mintzalaguneko kide eta beharra zuten haurrei irakasten ibili den hondarribiarra.