Gaurkotasuna

Atzealdea

Emakumearen Astean ekitaldi ugari datorren astean

Datorren osteguna, martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Horren harira, EMEKI Elkarteak eta Hondarribiko Udalak ‘Emakumearen Astea’ antolatu dute. Emakume artisten erakusketak, film proiekzioa, hitzaldia eta omenaldi bat ere aurreikusten da programazioan.

2018·03·01


Datorren osteguna, martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Horren harira, EMEKI Elkarteak eta Hondarribiko Udalak ‘Emakumearen Astea’ antolatu dute. Emakume artisten erakusketak, film proiekzioa, hitzaldia eta omenaldi bat ere aurreikusten da programazioan.

Aurkezpen ekitaldian EMEKI Elkartetik Kontxi Galardi presidentea, Maria Serrano Hiritarren harremanetarako zinegotzia, Mari Jose Noain Maura eta elkarteko zenbait sortzaile izan dira, Maria Jesus Berrotaran, Ane Miren Aristondo eta Tzane Carrillo hain zuzen.

Kontxi Galardik esan duenez Emakumearen Aste hau “guretzat oso garrantzitsua da. Hainbat ekitaldi antolatzen ditugu, emakume eta gizonezkoei zuzenduak. Gainera, aurten martxoaren 8an emakumeen mundu mailako greba deitua dago, eta EMEKIk bat egiten du greba horrekin”.

Maria Serrano zinegotziak eskerrak eman dizkio “EMEKI Elkarteari aste honetan eta urte osoan egiten duen lanagatik, emakumeon papera balioan jartzeagatik. Udaletik elkarrekin lan egiten dugu eta hala jarraituko dugu”.

Denetariko jarduerak

Martxoaren 6tik 11ra, ARMA PLAZAko eraikineko bigarren solairuan, ‘Emakume artistak’ erakusketa egongo da. Asteartetik larunbatera 10:00etatik 18:00etara irekitzen da eta igandean, 10:00etatik 14:00etara.

Martxoaren 7an, ‘Mujeres y ciencia: un viaje a través de la historia’ hitzaldia eskainiko du Maria Jose Noain Maura arkeologoak gazteleraz. Arratsaldeko 19:00etan izango da Alde Zaharreko Kultur Etxean. Bertan, historian zehar zientzia mailan hainbat emakumek egindako lana aztertuko du, nahiz eta ezezagunak izan eta historiara gizonezko zientzialariak pasa diren.

Martxoaren 8tik 11ra, 16:00etatik 18:00etara, Emekiko ikasleen lanen erakusketa egingo da elkarteak Molla ibilbidean duen egoitzan. Trikotak, eskulanak, jantzigintza, bitxiteria… ikusteko aukera egongo da.

Martxoaren 10n, arratsaldeko 19:00etan ‘Figuras ocultas’ filmea eskainiko da Itsas Etxea Auditoriumean gazteleraz; sarrerak 4 eurotan saltzen dira.

Azkenik, igandean eguerdiko 12:00etan, 1991ko Emeki Elkartearen batzorde sortzaileari omenaldia egingo zaio elkarteak Molla Ibilbidean duen egoitzean. Txalapartariak, trikitilariak, dantzariak… ez dira faltako. Taldea Leticia Olanok, Tzane Carrillok, Maria Jesus Berrotaranek, Ane Miren Aristondok, Maite Martinek eta Maite Olaondok osatu zuten.

 

Hondarribiko Udaleko *Gizarte Zerbitzuen* sailak, *Emeki Elkartearen* laguntzarekin, emakumearen astea dela eta hainbat ekintza eta ekitaldi antolatu ditu.

Ikusi programa