Gaurkotasuna

Atzealdea

Bigarren edizioa du jada “Paseos por la ciudad” liburuak

Javier de Arambururen eta Javier Sagarzazuren Paseos por la ciudad liburuaren bigarren edizioa argitaratu du Hondarribiko Udalak.

2016·09·21


Duela hamar urte atera zen lehena, 2006an. Javier de Aramburu idazlearen testuak eta Javier Sagarzazu margolariaren lanak biltzen ditu. 300 ale argitaratu ditu udalak, eta 30 euroren truke eros daiteke liburu denda gehienetan. Arma plazako kultura eta turismo bulegoan ere eskura daiteke.

Ez da historia liburua, ezta hirigintza, gizarte edo kultura arloetako txostena ere. “Hondarribiko hiria, paisaiak, ondarea, ohiturak, historiak eta pertsonaiak topa ditzakegu, oso modu ederrean idatziak eta marraztuak. Hondarribian murgiltzeko gonbidapena da, hondarribiarrentzat eta bisitatzen gaituztenentzat”, azaldu du Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkateak.

Egileei buruz Javier de Aramburuk (Hondarribia, 1931) ezin izango du bigarren edizioa ikusi, 2014an zendu baitzen. Kazetari eta idazle emankorra izan zen, eta euskal kulturari buruzko hainbat liburu idatzi zituen: "Terranova", "Juan Ignacio de Iztueta", "Personajes Guipuzcoanos", "Sitio de Fuenterrabía" edo "Euskadi". Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko, Euskaltzaindiako, Eusko Ikaskuntzako, Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteko eta Euskal Dantzarien Biltzarreko kide izan zen, besteak beste. Gipuzkoako Kazetarien Elkarteko presidente, eta La Voz de España eta Deia egunkarietako zuzendaritza taldeetako kide izan zen.

Javier Sagarzazu (Hondarribia, 1946) esperientzia handiko artista da. Montes Iturriozen, Menchu Galen eta Gracenearen lanei esker piztu zitzaion pinturarekiko interesa. G.Buenosairesen eskutik jaso zuen formazioa, Irunen. 70 erakusketa baino gehiago egin ditu, bakarka, eta beste hainbat eta hainbat, taldean.

Hogeita hamar sari baino gehiago jaso ditu, 1995eko Akuarela Sari Nazionala, tartean. 2010ean Hiriko Urrezko Intsignia jaso zuen. Liburuari buruzko xehetasunak Javier Sagarzazuk azaldu du nola sortu zen Paseos por la ciudad liburua osatzeko aukera: “Hiri gutunaren zortzigarren mendeurrenaren harira hasi ginen”. Prozesu luzea izan zela gogoratu du Sagarzazuk. Elkarlanean aritu zen Javier de Arambururekin. “Berak idatzitako testuen inguruko marrazkiak egiten nituen, edo alderantziz”, argitu du Sagarzazuk. Maketazioan eta diseinuan denbora asko eman zuten, eta horregatik argitaratu zuten uste baino beranduago. Hala ere, azken emaitza ikusita, ahaleginak merezi izan zuela uste du margolariak: “Gauzak azkar egitea baino, hobe da ondo egitea. Liburuaren kalitatea zalantzaezina da”. Arrakasta handia izan zuen liburuak, hiru urteko epean agortu baitzen. Batez ere, opari gisa funtzionatu duela baieztatu du Sagarzazuk: “Gogoan dut, 2007-2008ko udaran, jendeak 6-8 liburuko kaxak erosten zituela”.

Liburu atsegina dela azpimarratu du, ez duela irakurlea aspertzen. Jende askok bigarren edizio bat egongo ote zen galdetu izan dio Sagarzazuri. Pozik dago, eskaera horrek erantzuna izan duelako.