Gaurkotasuna

Atzealdea

Egitarau oparoa izango du Bertako Produktuaren Asteak

Tokiko ekoizkinak protagonista urriaren 16tik 22ra.

2017·10·11


Urriaren 16tik 22ra tokiko lehengai eta ekoizkinak izango dira protagonista Hondarribiko ‘Bertako Produktuaren Astea’-n. “Tokiko produktuarekin dugun harremana indartzea da aste honen helburua”, adierazi du Kalixa Silanes Nekazaritza eta Ingurumen zinegotziak gaur goizean Damarri kaleko azokan ekoizleekin egindako agerraldian. Udalak egitarau oparoa aurkeztu du bertan, Hondarribia Abian Planaren baitako urratsa emanez.

Ekimenaren bigarren edizio honek, besteak beste, bertako produktua eta gastronomia uztartu nahi ditu, eta, beraz, ekintzetako askok sukaldaritza izango dute ardatz. Batetik, helduentzako sukaldaritza-tailerra eskainiko du Iñaki Gezala (Batzoki Jatetxea) sukaldariak hilaren 18an, Itsas Etxea Elkartean. Haurrentzakoa ere izango da, hilaren 20an, Arraunlari Berri jatetxean, bertako chefaren, Jon Cousoren, eskutik. Azkenik, larunbatean, San Pedro kaleko azokan, Gorka Irisarri (Danontzat) eta Gorka Souto (Sardara) sukaldariek showcookinga egingo dute.

Bestalde, hainbat bisita aurreikusi ditu programak. Eskoletako haurrek Agroaldea, azoka eta Arrantzaleen Kofradia ezagutuko dituzte astean zehar, eta helduek, asteartean, Labore Kontsumo Elkarteak Oiartzunen duen dendara joateko aukera izango izango dute, euren lanaren berri izan, eta, bide batez, haien produktuak dastatzeko. Azken honetarako Udalak jarritako autobusa San Juan de Dios errotondatik aterako da arratsaldeko 18:30ean.

Horretaz gain, Jakoba Errekondok “Landareak lantzen” bere azken liburua aurkeztu eta hitzaldia egingo du Kultur Etxean, ostegunean, urriak 19.

Jardueretan izena emateko BAZ, 943 111 213 telefonoa edo udala@hondarribia.eus posta elektronikoa baliatu daitezke. Tailerrek 12 laguneko parte-hartze mugatua dute. 

 

Informazio erlazionatua