Gaurkotasuna

Atzealdea

Datozen lau urtetarako Euskaren Plan Estrategikoa aurkeztu da

Pasa den apirilaren 26an egindako Plenoan ahobetez zinegotzi guztiek onartu zuten Euskararen Plan Estrategikoa 2018-2022. Gaur eman dute zehatzago egitasmoaren berri Txomin Sagarzazu Alkateak eta Arantxa Berrotaran Euskara Zinegotziak Udaletxeko Areto Nagusian egin den prentsaurrekoan.

2018·05·09


Pasa den apirilaren 26an egindako Plenoan ahobetez zinegotzi guztiek onartu zuten Euskararen Plan Estrategikoa 2018-2022. Gaur eman dute zehatzago egitasmoaren berri Txomin Sagarzazu Alkateak eta Arantxa Berrotaran Euskara Zinegotziak Udaletxeko Areto Nagusian egin den prentsaurrekoan.

“Hondarribiko Udalak, Euskara Plan Estrategikoa 2018-2022 ekimenean, udalerrian 2022ra arte garatuko den hizkuntza politikaren neurri-proposamenak jasotzen ditu” esan du Txomin Sagarzazuk. “Gure kezka nagusia, euskararen erabilera urria dela dugun ezaguerarako. Hori denok onartu behar dugun zerbait da. Horren aurrean, Udalak, baina ez berak bakarrik, proposamenak egiten ditu eta Euskara Plan Estrategikoaren barnean laburbilduak daude. Udaletxe honetan lehen plan estrategikoa 2005-2008 artean egin zen, gero 2001-2015 artean eta beste bat 2015-2017 artean”.

“Herritarrei behar diren hizkuntza politika neurriak erabaki eta bultzatzea, maila pertsonal, sozial eta ofizialean, herritarrek euskaraz bizi ahal izateko. Ardatz nagusi modura hori esan dezagu hasteko. Hala, Udalaren, BLAGAN Euskara Elkartearen eta interesa duen edonorren partehartzearekin, erabat irekita dagoen ekimena martxan jarri dugu. Oso argi dugu euskararen erabileran indarra jarri behar dugula, Udalak aktiboa izan behar duela eta denon artean egin beharreko lana dela” dio Sagarzazuk.

14 lan lerro eta 67 ekintza

Arantxa Berrotaran Euskara Zinegotziak Plan Estrategikoaren xehetasunak eskaini ditu. “Esparru desberdinak daude, 14 denetara. Familia bidezko transmisioa, irakaskuntza, euskalduntze eta alfabetatzea, administrazioa, arlo sozio-ekonomikoa, aisia eta kirola, liburugintza, kulturgintza, publizitatea, hedabideak, euskararen kalitatea, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, sentsibilizazioa eta motibazioa”.

“Proiektuak partekatu nahi izan ditugu eta Euskara Aholku Batzordea osatu eta apirilaren 10ean deitu da ofizialki, beraien euskararekiko kezkak, iritziak eta partekatzeko foro bat delarik. BLAGAN Euskara Elkarteak eta Udalak osatzen dute, eta hiru azpibatzorde aurreikusten dira: merkataritza eta ostalaritza lehena, bigarrena hezkuntza eta kultura, eta hirugarrena kirola eta aisialdia”.

“Kezka moduan, aisialdia, Kiroldegia, merkataritza eta ostalaritza izan dira nagusiak lehen bileran. Hala, bide horietatik hasiko dugu lana. Bileran jaso genituen eragileen kezka eta proposamenak txertatu egin ditugu Euskara Plan Estrategikoan. Datozen egunetan, plana udal web gunean zintzilikatuko da” amaitu du Berrotaranek.