Gaurkotasuna

Atzealdea

Eskifaiaren kontzertua harresietan ostiralean

Hondarribiko Eskifaia Abesbatzak datorren ostiralean, uztailak 29, udako gaueko kontzertua eskainiko du.

2016·07·26


Bertan erakundearen bi abesbatzek hartuko dute parte (berez hiru abesbatzaz osatuta dago) izan ere Eskifaia Txiki oporretan dago. Lehengo zatian Eskifaia abesbatza mistoak abestuko du, eta bigarrenean ahots zurien Xatz Eskifaiak.

Kontzertua Hirigune Historikoko Erreginaren Baluartean izango da, 22:00etan. Eskifaia Abesbatza mistoak, Gorka Aierbek zuzendua, egitarau anitza eskainiko du, “a capela” abestua. Udako kontzertua oso egokia da ohikoak baino egitarau arinagoak eskaintzeko. Hala, errepertorioa honakoek osatuta egongo da: espiritualak, tangoak, Hegoameriketako erritmoak, eta euskal folkloreko obrak. Xatz Eskifaiak ere egitarau anitza eskainiko du, baina haren osagarri Esther Barandiaranek pianoa joko du. Amaia Aldalurrek joan den udazkenean hartu zuen taldearen zuzendaritza, eta udako ekitaldi honekin urteko lehenengo zikloa ixten du, abesbatzaren zuzendari gisa.

Baluartetik Baluartera Nabarmendu behar da datorren abuztuaren 7an bi abesbatzak berriz elkartuko direla Iruñako Guadalupe Baluartean kontzertua eskaintzeko. Ekitaldi hori, ‘Creacity’ proiektuaren barruan txertatua den Harresien Jaialdian (Nafarroako hiriburuan egingo den jaialdian) eskainiko denetako bat da.

Creacity’ proiektua mugaz-gaindiko lana da, eta helburua Iruñako, Hondarribiko eta Baionako gotortutako Ondarea alor turistikoan eta kulturalean balioan jartzea da, hartarako berrikuntzan oinarritutako turismo kulturala eta sormen artistikoa lantzen duten ekimenak erabiliz.

Proiektua Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa) 2014-2020 lurralde lankidetzan txertatua da.