Gaurkotasuna

Atzealdea

Jaizkibeleko gune naturalak babesteko egindako lanen inguruko hitzaldi eta bisita gidatua

Ostegun eta larunbaterako Jaizkibeleko gune naturalak babesteko eta berreskuratzeko egindako lanak azaltzeko hitzaldia eta bisita gidatua egongo dira.

2016·05·16


Udaleko Ingurumen departamentuak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatua, ostegunean 19:00etan hitzaldia egingo da Areto Nagusian eta larunbatean 9:30etik 13:00etara bisita Martitxerrekara, Justiz inguruan. Bi ekitaldiak Anais Mitxelena hondarribiarrak gidatuko ditu, Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Saileko kideak.

"Udala 2011. urtean hasi zen" dio Kalixa Silanesek, Ingurumeneko zinegotziak, "Jaizkibeleko gune naturalak babesteko eta berreskuratzeko Aranzadi Zientzia Elkartearen gidaritzapean eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduta, ekintzak egiten: Aizporaundin dagoen Cladium mariscus hezegunearen errestaurazioa, kostako txilardiaren berreskurapena, landare exotiko inbaditzaile nagusienen eliminazioa eta anfibioentzat putzu berrien eraketak esaterako".

Hitzaldi eta irteera bana eskainiz, Jaizkibelen dagoen Martitxerrekan eta bere inguruan kokatzen diren habitatak, flora eta fauna babesteko eta berreskuratzeko egin diren ekintzak zeintzuk izan diren azaldu nahi da. Bide batez ere, natura aldetik Jaizkibelek gordetzen dituen altxor batzuk ere ezagutaraztea.

"Irteeran, Justizeko jatetxeko aparkalekutik behera joango gara Talaia ibilbidea topatu arte. Gero mendebalderantz joko dugu Talaia ibilbidetik Martitxerreka itsasoratzen den punturaino. Ibilbidean zehar botanikarekin lotutako gai ezberdinak jorratuz geldialdiak egingo ditugu eta Martitxerrekara iristean azkeneko bi urteotan bertan egindako ekintzak azaldu. Hamaiketakoa egin ondoren bide berdinetik bueltatuko gara Justizeko aparkalekura" gehitu du Silanesek.

Azken hamarkadan eremu honekiko interes kultural zein naturala nabari handitu egin da eta arlo ezberdinetako ikerketak areagotu dira. Guzti honek, Jaizkibelek gordetzen dituen altxorrak hobeto ezagutzea ahalbidetu du eta Hondarribiko Udala horretaz jabeturik bertako balio natural zein kulturalak babesteko ekintzak bultzatzea duen garrantziaz ohartu da

Larunbateko bisita edo txangoan parte hartzeko, 943 466 142 edota 943 111 242 zenbakietara deitu edo idatzi honako postara ingurumena@hondarribia.eus.