Gaurkotasuna

Atzealdea

Bilbao Mendi Film Festival-eko filme onenak Hondarribian

Bilbao Mendi Film Festivaleko filmik onenez eta txalotuenez gozatzeko aukera ematen duen Mendi Tourra hirugarrenez egingo da Hondarribian, Itsas Etxea Auditoriumean, apirilak 7 eta 8an, larunbata eta igandea.

2018·03·27


Bilbao Mendi Film Festivaleko filmik onenez eta txalotuenez gozatzeko aukera ematen duen Mendi Tourra hirugarrenez egingo da Hondarribian, Itsas Etxea Auditoriumean, apirilak 7 eta 8an, larunbata eta igandea. Hondarribiko Udalak, aurreko bi edizioetako arrakastaren ostean, berriro babestuko du Bilbao Mendi Film Festivalak antolatu eta Zineuskadik lagundutako ekitaldia.

“Gure kultur eskaintzan hirugarren urtez txertatu dugun ekitaldia da. Oso maila altuko mendiaren eta naturaren inguruko filmak ikusi ahal izango ditugu ostiral eta larunbatean Itsas Etxea Auditoriumean, eta 3 euroren truke. Oso aukera polita da eta dei egin nahi nieke hondarribiarrei eta inguruko herrietakoei ere ikustera joateko. Pena merezi du” esan du Kalixa Silanes Udaleko Kultura eta Kirol zinegotziak.

“Mendia, abentura eta natura gaien zinemagintzako nazioarteko film onenak eta berrienak aurkezten ditu Mendi Film Festivalak (BMFF) abenduro” dio Javi Baraiazarrak, Bilbao Mendi Film Festivaleko zuzendariak. “Goi mailako zinea eta mendia ikusteko aukera paregabea da, Itsas Etxea Auditoriumean izango dena”.

“Aurten 11. edizioa beteko du abenduaren 7tik 16ra , eta han saritutako eta gehien nabarmendutako filmekin osatzen da Mendi Tourra, urte osora zabaltzen den zinema mostra ibiltaria. 2018an jada ia 5.000 ikuslerengana iritsi da, 14 hiri desberdinetan emanaldiak eskainita.

Hiru filme eta bi laburmetrai

Iazko Mendi Film Festivalen Sari Nagusia jaso zuen Dirtbag: The Legend of Fred Beckey, Epaimahairen aipamena jaso zuen Mountain eta Zuzendari Onena izan zen Ben Page britainiarraren The Frozen Road eskainiko dira Hondarribian, eta baita bi film labur bikain ere: Aurrera lan euskalduna eta emakumeen gorazarrea egiten duen Where the Wild Things Play.

Itsas Etxea Auditoriumean eskainiko dira saioak 20.00etatik aurrera, eta sarrerak 3 eurotan salgai daude Arma Plazan edota Kutxabank sarrera salmenta atarian: larunbata 7 eta igandea 8. Saio egunetan leihatilan bertan salduko dira emanaldia hasi baino 2 ordu lehenagotik.