Gaurkotasuna

Atzealdea

Bikingo Eguna eta Rally Circuit Spirita ere biziko ditu ekitaldiz beteriko asteburuak

Dantza, surfa eta autoak, askotariko aukerak izango ditu asteburuak.

2018·05·25


Hondarribiko ekintzen agenda bete-bete heldu da asteburu honetan. Hondarribia Dantzanen baitan gorputza dantzatzeko aukerari, uretako ezohiko kirolez gozatzeko parada erantsiko dio Bikingo Egunak, eta, auto klasikoen zaleek, hamarnaka ikusteko aukera izango dute, bihar, Rally Circuit Spiriten baitan.

Gaur aurkeztu dute Bikingo Eguna HS2 Surf Centerren egoitzan. Kalixa Silanes Kultura zinegotziak, Iñaki Navascues Surf Centerreko arduradunak, Katrin Martinez Hondarribiko Surf Eskolako bozeramaileak eta Matias Biasco Crossfit Drakkarreko kideak eman dute ekitaldiaren berri. Aho batez egin dute gerturatu eta ekintzetan parte hartzeko deia.

“Aukera paregabea da ohikoak ez diren kirolak ezagutu eta haiekin gozatzeko”, azaldu du Kalixa Silanesek. “Zortzigarren edizioa dugu, eta beste urtebetez txiki zein helduek gozatzea da helburua”, erantsi du. Skatea, surfa, crossfita eta paddle surfa izango dira protagonista Iñaki Navascuesek argitu duenez: “Gure bizitzeko era transmititzen saiatuko gara. Hondarribia ez da surf egiteko tokirik aproposena, beraz bestelako irristaketa kirolak erakutsi nahi ditugu”.

SUP edo Zutikako Paddle Surf probak izango dira larunbatean. Kai Zaharretik abiatuko dira denak ere, 11:30ean helduena, eta 12:30ean txikiena. “Helduen Open probarako izen-emateak 10etatik 10:30era egongo dira zabalik, eta txikienak, ondoren”, argitu du Katrin Martinezek Bazkalostean, 15:30ean, paddlesurf egokituaren txanda izango da, eta, ordubete beranduago, surf skate delakoen jaia eta globoflexia tailerra egingo dituzte. Eguna amaitzeko sari banaketa 20:00etan izango da.  

Crossfitak ere zeresana emango du, baina. Matias Biascok eman ditu xehetasunak: “Bikotekako lehia antolatu dugu. Bidasoko hiru herrietako berrogei bat bikotek eman dute izena. Sailkapen probak larunbatean zehar izango dira, eta, finalak, berriz, igandean. Igandean bertan, haurrentzako ekintzak izango dira goizean zehar”.

Auto klasikoak

Batzuek dantzan, besteak uretan diren bitartean, herriko errepideetan zehar oso garai bateko ibilgailuak ibiliko dira. Izan ere, Rally Circuit Spirit delakoan parte hartuko duten auto klasikoek geldialdia egingo dute bihar Hondarribian. Kafea hartzeko zita dute Klub Nautikoan, 11:25ean, eta handik orduerdira abiatuko dira, atzera ere, euren artean hogeita hamar segundoko tartea utzita. Ehun auto inguru espero ditu antolakuntzak.