Gaurkotasuna
Atzealdea

Bihartik asteazkenera XVII. Nazioarteko Kitarra Jaialdia

Gaur aurkeztu da Hondarribiko Udaletxean XVII. Hondarribiko Nazioarteko Kitarra Jaialdia. Bertan izan dira Maria Serrano Turismo eta Hiritarrekiko Arreta zinegotzia eta Carles Pons, jaialdiaren zuzendaria. Bihartik hasi eta asteazkenerarte burutuko da.

2019·04·26


Gaur aurkeztu da Hondarribiko Udaletxean XVII. Hondarribiko Nazioarteko Kitarra Jaialdia. Bertan izan dira Maria Serrano Turismo eta Hiritarrekiko Arreta zinegotzia eta Carles Pons, jaialdiaren zuzendaria. Bihartik hasi eta  asteazkenerarte burutuko da.

Sei kontzertu egongo dira, eta horietatik hiru Alde Zaharreko Kultur Etxean burutuko dira, beste bat Paradorean, beste bata Irungo Oiasso Museoan eta azken bat San Gabriel egoitzean. Bihartik aurrera,  kitarra protagonista izango da Hondarribiko kultur eskaintzan. Kontzertu guztiak dohainik izango dira.

“17. urtea du jarraian Kitarra Jaialdiak Hondarribian. Eskerrak eman nahi dizkiot Carles Pons-i, udal desberdinekin izan duen lankidetza bikainagatik. Gure agendan daukagun altxor txiki horietako bat da jaialdi hau” esan du Serrano zinegotziak.

Carles Pons-ek eskerrak eman dizkio “Hondarribiko Udalari, Alkate eta zinegotziak joan eta etorri, jaialdiarekin bat egiten duelako. Aurten maiatzak 1 asteazkena da eta beraz, egun bat luzatu dugu jaialdia. Kalitatean oinarritutako jaialdia egiten saiatzen gara, eta urtetik urtera partehartze handiagoa dugu, seinale ona.”

Aukera paregabea kitarraren munduko profesional handiak zuzenean ikusteko: Portugaleko ‘Quarteto de Guitarras Concordis’, Italiako ‘Duo Ciccarese-Oliva’, Kordobako Jose Luis Ruiz del Puerto, Estatu Batuetako William Jenks, Japoniako Yoko Takaki eta Takeshi Tezuka, eta Malagako Javier Garcia Moreno egongo dira, eta nola ez, Carles Pons zuzendaria.