Gaurkotasuna

Atzealdea

Ate joka da Euskal Txiste Grafikoen Lehiaketa

Urriaren 31era arte egongo da zabalik lanak aurkezteko epea.

2017·10·05


Zabalik da Hondarribiko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatutako XXVI. Euskal Txiste Grafikoen Lehiaketan izena emateko epea. Parte-hartzaileek urriaren 31era bitarteko beta dute euren lanak aurkezteko.

Lehiaketak hiru kategoria ditu: A maila, 16 urtetik gorakoena (300 eta 200 euroko sariak, hurrenez hurren, lehen bi sailkatuentzat); B maila, 12 eta 16 urte bitartekoena (150 euroko sari bana eta komiki-liburuak lehen bi sailkatuentzat); eta D maila, 12 urtetik beherakoena (komiki-liburuak lehen bi sailkatuentzat).

Gaia eta teknika libreak dira. Lan guztiek bineta bakarra izan beharko dute, eta “bokadiloa” eta testua derrigorrezkoak dira. Euskaraz eginak behar dute denek. A eta B mailakoek DIN A-3 tamainako orria erabili beharko dute, DIN A-4koa, berriz, D mailakoek.

Partaideek lanak BAZen (Biztanleen Arreta Zerbitzua) entregatu beharko dituzte aipatutako epean. Bakoitzari izenburua jarri behar zaio, eta, atxikita, gutun-azal itxia. Haren gainean izenburua eta maila zehaztu behar dira, eta, barruan, egilearen izen-abizenak, adina, helbidea eta telefonoa, baita NANaren kopia ere, izatekotan.