Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Hondarribia

Gaurkotasuna
Atzealdea

Arma Plazan amaituko den Donibane-Hondarribia lasterketaren 22. edizioa igandean

Datorren igandean ospatuko den XXII. Donibane Lohitzun – Hondarribia lasterketa prest dago. Irteera 11:00etan izango da.

2019·10·24


Datorren igandean ospatuko den XXII. Donibane Lohitzun – Hondarribia lasterketa prest dago. Gaur aurkeztu da Hondarribia Kirol Taldean, eta han izan dira Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkatea, Luis Mari Marin Hondarribia Kirol Taldeko ordezkaria eta Rafa Indo, Donibaneko Ur Joko elkarteko ordezkaria. Lasterketaren babesle nagusienak ere han izan dira.

“Lasterketak 22 urte bete ditu, eta erreferente batean bilakatu da” esan du Txomin Sagarzazu Alkateak. “Erreferentea da kirol maila aldetik baita antolakuntza aldetik ere. Horren gainetik, bi elkarteek egiten duten lan bikaina eta kolaborazioa aipatu nahiko nuke. Oso erlazio kontsolidatua dute eta garrantzitsua da koordinazio hori aipatzea. Ziur igandean ere hala izango dela”.

Arma Plazan amaituko da lasterketa

Luis Mari Marinek gehitu duenez, “ekitaldi ederra espero dugu iganderako. Dortsal kopurua 2200ekoa izango da. Partehartzaileen %30 emakumezkoak dira eta guretzat oso garrantzitsua da hori. Hortaz gain, denetara 400 bolondres egongo dira lasterketan, eta eskertu egin nahi genieke beraiei laguntza, eta zer esanik ez, enpresa eta elkarte laguntzaileei, batez ere Hondarribiko Udalarena”.

Rafa Indok gehitu duenez, “guretzat Iparraldeko eta Hegoaldeko pertsona kirolzaleen lankidetza sendotzea oso garrantzitsua da eta zentzu horretan lanean jarraituko dugu. Mailako froga bat antolatzen dugula uste dugu eta hala jarraituko dugu”.

Lasterketa 11:00etan abiatuko da Donibanetik, eta lehenak eguerdiko 12:00etarako iritsiko dira Arma Plazara.