Gaurkotasuna

Atzealdea

Arma Plaza Fundazioa denbora gutxian erreferente bilakatu da eta balio handiak ditu

Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkateak eta ARMA PLAZA Fundazioko presidenteak, EAJko Fundazioko beste bost patronatu-kideekin batera egindako prentsaurrekoan, ARMA PLAZA Fundazioaren hausnarketa egin zuen atzo, bezperan oposizioko alderdiek egindako agerraldian esan eta eskatutakoari erantzun asmoz.

2017·11·18


Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkateak eta ARMA PLAZA Fundazioko presidenteak, EAJko Fundazioko beste bost patronatu-kideekin batera egindako prentsaurrekoan, ARMA PLAZA Fundazioaren hausnarketa egin zuen atzo, bezperan oposizioko alderdiek egindako agerraldian esan eta eskatutakoari erantzun asmoz. Lehenik eta behin, Mikel Garmendia zinegotziari eta bere emazte, familia eta lagunei doluminak aurkeztu zizkieten.

“Edozein balorazio seriok kontuan hartu behar ditu alde onak” esan zuen Sagarzazuk. “Ondarea lantzeko eta gizarteratzeko tresna bihurtu da ARMA PLAZA Fundazioa, Hondarribiko Udalaren erreferentea da alor horretan. Ondarean adituak diren kanpokoen gogoeta gurera ekartzeko tresna izan da Fundazioa nazioarteko Ondareen Foroaren 4 edizioetan. Nik neuk uste dut, arrazoiak arrazoi, hainbat patronoren aldetik ez dagoela horren ezaguera handirik”.

Sagarzazuk ARMA PLAZA Fundazioaren bost urteko ibilbide eta lorpenak gogoratu zituen. “Hainbat hondarribiar ondarea ezagutu, aintzat hartu eta gizarteratzeko eragile aktibo bihurtu ditu. Hor daude kanpaiak birgaitzeko kanpainak, San Pedro kaleko eta Alde Zaharreko argazki erakusketak, edota ‘Ezagutu zure hiria’ programa arrakastatsua adibidez. Ez dugu ahaztu behar ere Guadalupeko Gotorlekura, Alde Zaharrean eta Portuan abian jarritako bisita gidatuak, lau hizkuntzetan egindakoak eta 12.000 erabiltzaile izan dituztenak”.

Gainera, ARMA PLAZAKO Kultur eta Informazio gunea abian jarri da. Euskal Herriko informazio-puntu bisitatuena izan da Donostia, Gasteiz eta Bilbokoen ondotik, iaz 87.000 bisitari jaso zituelarik. Ez nuke aipatu gabe utzi nahi herritarrentzako jarduera-programen ekitaldietarako sarrerak erosteko lekua badela, eta bost urte hauetan hainbat argitalpen egin dituela ARMA PLAZA Fundazioak, adibidez Constantino Virtoren ‘Arrantzaleak’, Peru-ko artxiboetan topatutako Hondarribiko zenbait dokumentu ezezagun biltzen dituen ‘Ciudades y Fortalezas del siglo XVII’, ‘Hondarribiko Kanpaiak’ Koldo Ortegarena, ‘Guadalupeko Gotorlekuan bizirauteko hiztegia’, Juan Antonio Sáezena, ‘Hondarribia Koloreztatu’, Jorge Arranzena eta berehala argia ikusiko duen Javier Sagarzazuren beste bat.

Itsas ondarea eta memoria berreskuratzeko udal tresna bihurtu da ere. MARIÑELen proiektua, itsas grabazioak, SUSTRAIA boluntario-taldearekin herri-ekimena bideratzeko aukera eman duelarik.

Hobetzeko dauden beste zenbait alderdi zenbatu zituen ere Sagarzazuk. “Turismoaren gobernantza ereduaren barnean Fundazioaren eta beste eragileen egitekoak hobeto zehaztea, Fundazioaren bideari buruzko gogoeta estrategikoa berritu eta eguneratzea,  jarduera programa hobeto komunikatzea eta gizarte-eragile gehiago eta desberdinengana iristea eta langile-egitura egonkorragoa finkatzea adibidez. Halere, hobetzeko puntuak egotea ez du esan nahi dena gaizki dagoenik, hala bai?”.

Fundazioaren gogoeta estrategikoa

Ondorioz, “2017an Fundazioaren gogoeta estrategikoa berritu eta gizarte-eragina neurtzeko ikerketa egin dugu, Patronatuan ostegunean aztertu genuena. Asteartean IKEIrekin batera aurkeztuko dugu. Gure erakundea gaztea da oso, udal departamentu askok baina aurrekontu txikiagoarekin. Fundazioaren xedeak gure egiten ditugu, eta horiek betetzeko ezinbestekoa deritzogu denon esku hartzeari: patronoen esku hartzeari, koordinatzaile eta teknikarien esku hartzeari, eta baita kolaboratzaileen esku hartzeari ere. Fundazioaren balioak eta ahalak handiak dira, hiriari mesede egiten diote eta onartzen dugu beste udal talde politiko batzuek hasieratik hala ez ikustea, baina beharrezko tresnatzat dugu ondarea jorratu eta gizarteratzen jarraitzeko”.

Fundazioko koordinatzailea aldatzeko eskaerari erantzunez, “norabidea aldatzea eskatu dute hainbat patronok, baina begien bistakoa da patronatuaren egitekoa dela norabidea finkatzea kudeaketa plangintza, jarduera-plangintza eta aurrekontuak onartu eta gero. Eta Koordinatzaileari dagokio irizpide nagusi horien jarraipena egitea, betetzea eta betearaztea. Koordinatzailearen jokabide profesionala aztertu dugu eta kontutan hartu ditugu egin dituen proposamenen kalitatea, ekimen-gaitasuna, proiektuen jarraipen-maila, APFri eskaini dion dedikazioa. Horiek aztertu eta baloratu eta gero, ez dugu arrazoirik ikusten kargutik kentzeko” gehitu du Sagarzazuk.

Fundazioko zenbat patronoei erantzunez

“Zenbait komunikabide eta sasi-medio digital unipertsonal batean ikusi ahal izan dugunez, zinegotzi eta patrono batzuk Espainiako Fiskaltzara idatziren bat bidali omen dute ‘Mariñel’ ontziaren inguruan” gehitu zuen Sagarzazu ARMA PLAZAko presidenteak.

Horren arira, “zinegotzi eta patrono horiek ez digute ezer komunikatu, nahiz eta hainbat bilera eta ekitaldietan aritu garen azken egunotan. Ez dakigu beraz dokumentuari buruz ezer. Prozesuan parte hartu duten udal langileek irizpide profesionalak erabili dituzte beti ere hildako pertsona eta familiari errespetu osoa erakutsiaz. Berdin egin dugu prozesuan parte hartu dugun erantzule politikook”.

“Ez ditugu ulertzen azken hileotan udal jarduera politikoa judizializatzeko asmotan dabiltzan korporazio-kideak. Ez dugu ulertzen ere, nola korporazio kide horiek, ustez sasi-medio digital unipertsonal batekin informazioa partekatu ondoren, orain ez duten inolako erreferentziarik egiten horren inguruan”.

“Amaitzeko, hiritarrekin eta kargu bezala gure hartu ditugun erantzukizunekin aurrera egiteko gure konpromezua argi azaltzen dugu” amaitu zuen Sagarzazuk.