Gaurkotasuna

Atzealdea

Argazki zaharren erakusketa antolatu da azaroak 13 arte

ARMA PLAZA Fundazioak eta laguntzaile talde batek gidatuta, hainbat irudi eder ikus daitezke

2017·10·24


ARMA PLAZA Fundazioak gure historia gogorarazteko ekimen kultural berri bat martxan jarri du: 1860TIK 1985 arteko Hondarribiko Alde Zaharreko bizitza nolako zen gogoratzeko argazki eta postal historikoen erakusketa bat antolatzea hain zuzen. Aurkezpenean Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkatea eta ARMA PLAZA patronatoko presidentea, eta Mikel Jauregi, Javier Sagarzazu, José Mari Lopez eta Matias Guilló egon dira. Floren Portuk ere parte hartu du ekimenean.

“2014an San Pedro kalearen inguruan egin zenaren jarraipen moduko bat izan nahi du egitasmoak. Eskerrak eman nahi dizkiet asmoa egitate bihurtu duzuten guztiei, laguntzaileei eta argazkiak utzi dituzuenei. ARMA PLAZA Fundazioaren helburuetako bat ondarea berreskuratzea da, eta bete-betean egiten da kasu honetan. Oso lan ona da eta arrakasta izango duela ziur nago, hondarribiarrek hondarribiarrentzat egina” dio Txomin Sagarzazuk.

“Fundaziotik Miren Ayerbek deitu zigun duela hiru urte, proiektu honetan sartzeko” dio Mikel Jauregik. “Oso gustora ibili gara eta eskerrak eman nahi dizkiot berari eta Fundazioari. Hainbat argazki bildu ditugu Alde Zaharreko kaleko eguneroko bizitza, merkataritza dendak (barnealdea eta kanpoaldea), jaiak, jolasak, bitxikeriak, garraioa, hotelak, gastronomia, ofizioak… Jendea oso ongi eta eskuzabal portatu da eta orain gozatzeko unea iritsi da”.

 

Javier Sagarzazuk esan duenez, “ARMA PLAZA eraikinean pertsonaien irudiak daude 83 argazkitan, baita ordenagailu bidez ikus daitezkeen beste hainbat ere. Jarraian, plazan bertan, Elizako pasaderan, Apezpiku plazan eta Kasino Zaharreko lorategietan ere jarri ditugu. Gure helburuetako bat, hondarribiarra ikustera etortzea da, eta hizketaldi bat sortzea hau eta hura aipatzen, bestea eta hangoa komentatzen ”.

Erakusketa gaurtik hasi eta azaroaren 13 arte ikusgai egongo da. ARMA PLAZAko ordutegia goizeko 10:00etatik 19:00etara da eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara.

'Ezagutu zure hiria' ostegun eta larunbatean

“Aste honetan bertan, ostegun eta larunbatean, ‘Ezagutu zure hiria’ ekimenaren lehen urratsa emango dugu. Hain zuzen argazki erakusketa honekin lotu nahi izan dugu, eta proiektuan gurekin batera parte hartu dutenek zuzenduko dituzte osteguneko hitzaldia eta larunbateko bisita gidatua. Hondarribiarrek egindako eta hondarribiarrei zuzendutako ekimena da. Ostegunean 19:00etan ARMA PLAZAN eta larunbatean bisita gidatua 11:00etan izango da, gurekin elkarlanean egon diren hondarribiarrek zuzenduko dutena”.