Gaurkotasuna

Atzealdea

Amuteko biribilguneko lanak irailean hasi eta udaberrian amaituko dira

Pasa den astean Aldundiak onartu ondoren, gaur Udaletxean aurkeztu dute Sagarzazu Alkateak eta Oiarbide Diputatuak

2017·03·21


Amuteko biribilgunea eraikitzeko lanak irailaren erdialdera hasiko dira eta 2018ko udaberrirako amaitu. Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak pasa den astean onartu ondoren, aurkezpen ofiziala gaur egin da Udaletxeko Areto Nagusian, Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkatea eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako Foru Diputatuak.

“Pasa den astean onartu zen Foru Aldundiak eta gaur Hondarribira proiektua aurkeztera etortzea eskertu nahi diot Aintzane Oiarbideri” esan du Txomin Sagarzazu Alkateak. “Hondarribiarentzat oso proiektu garrantzitsua da, sortzen dituen trafiko arazo larriak ahal den neurrian leuntzea lortuko delarik. Lanak irailaren erdialdera, herriko jaiak amaitzean hasiko dira eta udaberrirako amaituak egotea espero da”.

“715.701,86 eurokoa izango da aurrekontua, guztira, eta lanek bost hilabete iraungo dute. Bidegurutze hau trafiko puntu korapilatsua izan ohi da bertan gertatzen diren auto-ilarak direla-eta, udan bereziki, bisitari eta turista asko gerturatzen baitira eskualdera. Eremu honetan auto-pilaketa handiak egoten dira. Azken urteetan behin baino gehiagotan eskatutako aktuazioa da, eta Foru Gobernuak heldu egin dio. Uste dugu hobekuntza nabarmena ekarriko duela”, azpimarratu du Oiarbide diputatuak.

Amute auzoan N-638 eta GI 2134 errepideen artean egun dagoen bidegurutzeak zirkulazioa bideratzeko irletak eta semaforoak ditu, eta hainbat fasetan ibilgailuen zirkulazioa erabat eteten dute. Baldintza horietan bidegurutzearen funtzionamendua traketsa eta ahalmen gutxikoa da, eta edukiera egunero gainditzen da, batez ere uda garaian. Kontuan hartu behar da urtean, batez beste, 25.000 ibilgailu igarotzen direla bertatik.  Hori dela-eta, Oiarbidek “lehentasuntzat” jo du obra.

50 metrotako biribilgunea

Proiektuak, N-638 errepidearen Zubieta eta Amute arteko egungo trazatuan biribilgune zirkular bat zehazten du, 50 m-ko kanpoko diametroa, 32 metroko zirkunferentzia eta hiru bide-adar dituena; Hondarribiranzko bide-adarra egungo bi erreietara egokitzen da, baina Irun eta GI-636 errepiderako bide-adarrek errei bakarra izango dute, egungo sekziora egokitzeko. Sarrerak, berriz, eraztuna baino pixka bat lehenago bi erreira zabaltzen dira, bidegurutzearen ahalmena handitzeko.

Hortaz gain, proiektuak jasotzen du Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planean aurreikusitako bidegorriak egitea, eta lanek atxikitako espaloiak eta zerbitzu guztiak berregitea.