Gaurkotasuna

Atzealdea

Amuteko biribilguneko lanak hasi ditu Foru Aldundiak

2018ko udaberrirako amaituko dira eta aurrekontua 715.700 eurokoa da

2017·09·19


Amuteko biribilgunea eraikitzeko lanak irailaren erdialdera hasi berri dira eta 2018ko udaberrirako amaitzea aurreikusten da.

“Hondarribiarentzat oso proiektu garrantzitsua da”, dio Juan Mari Altunak, Zerbitzuetako zinegotziak, “sortzen dituen trafiko arazo larriak ahal den neurrian leuntzea lortuko delarik. Lanak pasa den astean hasi ziren eta udaberrirako amaituak egotea espero da”.

“715.701,86 eurokoa da aurrekontua, guztira, eta lanek bost hilabete iraungo dute. Bidegurutze hau trafiko puntu korapilatsua izan ohi da bertan gertatzen diren auto-ilarak direla-eta, udan bereziki, bertakoez gain, bisitari eta turista asko gerturatzen baitira eskualdera”.

“Duela urte pare bat Jaitzubia inguruan beste biribilgune bat egin da, eta ordutik hona hobekuntzak ikusi dira. Uste dugu obra honek ere abantaila nabarmena ekarriko duela”, azpimarratu du Altunak.

50 metrotako biribilgunea

Proiektuak, N-638 errepidearen Zubieta eta Amute arteko egungo trazatuan biribilgune zirkular bat zehazten du, 50 m-ko kanpoko diametroa, 32 metroko zirkunferentzia eta hiru bide-adar dituena; Hondarribiranzko bide-adarra egungo bi erreietara egokitzen da, baina Irun eta GI-636 errepiderako bide-adarrek errei bakarra izango dute, egungo sekziora egokitzeko. Sarrerak, berriz, eraztuna baino pixka bat lehenago bi erreira zabaltzen dira, bidegurutzearen ahalmena handitzeko.

Hemendik aste batzutara, Jaitzubiatik Amutera Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planean aurreikusitako bidegorriaren lanak hasiko ditu Foru Aldundiak. Bidegorri honek Jaitzubia eta Amute lotuko ditu.