Gaurkotasuna

Atzealdea

Amuteko biribilguneko lanak amaitu dira

Markel Olano diputatu nagusia, Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatua eta Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkatea izan dira amaiera ekitaldian

2018·03·28


Markel Olano diputatu nagusiak Amuteko bidegurutzea hobetzeko egin den biribilgunea bisitatu du, lanak amaitutzat eman diren egunean. Diputatuarekin batera izan dira Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatua eta Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkatea. Gustura agertu dira guztiak, trafiko ugariko lekua izanik,  biribilgune honek eguneroko joan-etorriak asko erraztuko dituelako. “Puntu honetan Hondarribiko trafikoak biltzen dira eta egunero 25.000 ibilgailu baino gehiagok erabiltzen dute Amuteko bide-gurutzea, uda sasoian, gainera, asko igotzen da kopuru hori. Hemendik aurrera, biribilgune honekin, trafikoak nabarmen erraztuko dira”, azaldu du Markel Olanok.

Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkateak esker oneko hitzak izan ditu Aldundiarentzat, biribilgune berria Hondarribiarentzat oso proiektu garrantzitsua delako eta Amuten sortzen diren trafiko arazo larriak ahal den neurrian leuntzea lortuko delako. “Eskertu nahi dut Gipuzkoako Foru Aldundia, biribilgune hau egiteak Hondarribiarentzat eta Bidasoa bailararentzat izango dituen onurengatik. Aste gutxi barru, hemendik gertu Jaitzubiararteko bidegorria egingo du Aldundiak, eta hori berri pozgarria da denontzat. Hasiera batean bi proiektuak batera edo antzeko denboretan egitea zen gure nahia, baina ezinezkoa izan da. Pozik gaude bi proiektu hauekin eta aurrera egiteko gogoekin. Gure 2015-2019 Agintaldi Planean bi proiektu hauen jarraipena egitea ere bazegoen, eta hortan ari gara”, adierazi du Sagarzazuk. "Datozen hilabeteetan biribilgunean apaintzeko asmoa dugu, denborarekin egingo dugu".

Obra konplexua

 “Orain artean zegoen bidegurutzearen ahalmen gabeziari eta bertan sortzen ziren zirkulazio arazoei soluzio bat bilatzea gure lehentasuna izan da. Trafiko ugariaren ondorioz auto-ilarak sortzen dira momentu askotan eta semaforizazio bitartez kontrolatzea konplexua da. Soluzio honen bitartez N-638 eta GI-636 errepideen arteko bidegurutzea sinplifikatu eta ordenatu egiten da”, azaldu du, bere aldetik, Oiarbide diputatuak.

Egin den biribilguneak 50 m-ko kanpo diametroa dauka eta 2 erreiko eraztuna. Barneko diametroa 32 m-koa da. Biribilgunea diseinatzeko orduan 3 muga izan dira:  hegoaldean Borda Txiki eraikin babestua, ekialdean Donostialdeko metroaren trazatua eta iparraldean Amuteko kanalaren gaineko zubia. Txingudiko Interes Komunitarioko Lekuari (IKL) eta Txingudiko Hegaztien Babes Bereziko Eremuaren (HBBE) gaineko afekzioak minimizatu egin dira.

Biribilgunearen kanpoaldean, oinezkoentzako espaloiak berriro jartzeaz gain, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planean aurreikusitako bidegorri zatiak egingo dira.

Lanek 555.123,20 euroko aurrekontua izan dute, eta, hasiera batean, 5 hilabeteko iraupena bazuten ere, negu honetan izan dugun eguraldia medio, hilabete eta erdiko atzerapenarekin amaitu dira.