Gaurkotasuna

Atzealdea

Amuteko biribilgunean lanak egingo dira igande gauez

Gipuzkoako Foru Aldunditik jakinarazten zaigunez, Amuten eraikitzen ari diren biribilguneko proiektuan, errepidea asfaltatu egin behar da, eta baldintza klimatologikoek lanak egoki egitea ahalbidetzen badute, igande gauean egingo dira.

2018·02·22


Gipuzkoako Foru Aldunditik jakinarazten zaigunez, Amuten eraikitzen ari diren biribilguneko proiektuan, errepidea asfaltatu egin behar da, eta baldintza klimatologikoek lanak egoki egitea ahalbidetzen badute, igande gauean egingo dira.

Horretarako, itxi egin behar da N-638 errepidea Donostiarako noranzkoan, igandeko gaueko 23:00etatik 06:00ak arte. Hala, Hondarribitik Donostira joan nahi duenak Mendelutik Zubimuxuko biribilguneraino hartuko du bidea, eta Letxunborro etorbidetik jarraituz suhiltzaile-etxeko biribilguneraino iritsiko da; hortik hartu ahal izango ditu bai GI-636 errepidea, baita AP-8 autobidea ere.

Hondarribitik Irunera joan nahi duenak ez du eraginik sumatuko, bidegurutzeko zirkulazio txandakatuak eragin dezakeena besterik. Era berean, bidegurutzeko zirkulazio txandakatuak Mendelu kaletik Hondarribira doazenei eragingo die. Donostiatik Hondarribira doanak ez du eraginik nabarituko.

“Hondarribiarentzat oso proiektu garrantzitsua da”, dio Txomin Sagarzazuk, Hondarribiko Alkateak. “Jakin badakigu sortzen dituen trafiko arazoak handiak direla hondarribiar eta erabiltzaile guztientzat.  

 Bidegurutze hau trafiko puntu korapilatsua izan ohi da bertan gertatzen diren auto-ilarak direla-eta, ordu jakin batzuetan eta udan bereziki, bertakoez gain, bisitari eta turista asko gerturatzen baitira eskualdera”.

“Duela urte pare bat Jaitzubia inguruan beste biribilgune bat egin zuen Aldundiak, eta ordutik hona hobekuntzak ikusi dira. Uste dugu obra honek ere abantaila nabarmena ekarriko duela”, azpimarratu du Sagarzazuk.

Proiektu honen aurrekontua 715.701,86 eurokoa da.