Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Hondarribia

Gaurkotasuna
Atzealdea

Amaitu berri diren jaien inguruko balantzea

Hondarribiak atzo amaitu zituen bere jai nagusiak. Lehen ekitaldiak abuztuaren 31n hasi ziren eta azkenak atzo amaitu ziren, Leo Harlem-en emanaldi arrakastatsuarekin eta su artifizialekin.

2018·09·12


Hondarribiak atzo amaitu zituen bere jai nagusiak. Lehen ekitaldiak abuztuaren 31n hasi ziren eta azkenak atzo amaitu ziren, Leo Harlem-en emanaldi arrakastatsuarekin eta su artifizialekin. “Jaietako programan zeuden 91 ekitaldiak burutu egin dira, oso parte hartzaileak izan dira eta giro onean. Zentzu horretan balorazio oso positiboa egin beharrean gaude” esan du Txomin Sagarzazuk, Hondarribiko Alkateak.

Jaietako ekitaldiei dagokienez, “aipagarria da adin guztietako jendeak hartu duela parte, umeek gurasoekin, gazteek, helduek, adinekoek… Irailaren 6rako genituen zenbait ekitaldi 7ra pasa genituen baina azkenean aurrera atera ziren. Orohar eguraldiak lagundu egin du eta pozik egoteko moduan gaude jardueren antolamendu eta partehartzearekin. Ama Guadalupekoak Kontxako bandera irabazteak poza handitzea lortu zuen gainera”.

“Ekitaldietan, aipagarria da Ion Areitio gazte kirolariari egindako urrezko intsignia ematearen ekitaldi hunkigarria; aurten ere  hainbat talderen kontzertu onak izan dira eta aipatzeko modukoa da adibidez atzoko Leo Harlem-en emanaldia, Bentako eremua txiki geratu baitzen eta jendea oso gustora geratu zen” erantsi du Sagarzazuk. “Gazteentzako zenbait ekitaldi Kasino Zaharrera pasa ditugu aurten. Balorazio positiboa egiten dugu horrekin baina oraindik hobetu beharra badugu hor”.

“Aipatu nahiko nuke ere Udaltzaingoak egin duen lana egunotan. Etengabe egon dira herrian zehar gau eta egun, eta denetara 12 atestatu egin dituzte irailaren 1etik 11ra. Gaur goiza bitarte, ez dugu inolako eraso sexisten salaketarik jaso eta hori beti da pozgarria”.

“Amaitzeko, eskerrak eman nahi nizkieke laguntzen aritu diren guztiei, bai Kultura Departamentuari, Udal Brigadari, Ertzaintzari, bai Txingudiko Zerbitzuei, bai Ekialdebusi, bai Gurutze Gorriari, bai DYAri, bai Montai enpresari, eta bai laguntzen aritu diren guztiei, lan handia egin baitute, eta gehienek gozatzen duten bitartean beste jende asko buru-belarri aritzen baita lanean; eskerrak eman behar dizkiegu”.

Zailtasunak bizikidetzan

Txomin Sagarzazu Alkateak esan duenez, “bizikidetzan zailtasunak izan ditugu aurten. Irailaren 8aren aurretik hainbat deklaraziok ez dute batere lagundu herriko bizikidetzan. Azken urteotan pausuak eman dira bizikidetza hobetu dutenak, bai aurreko egunetan baita irailaren 8an ere, baina  aurten ez da hobetzea lortu, eta irailaren 8ko zenbait unetan tentsio fuerteak egon dira. Hortaz gain, argi utzi nahi dut bizikidetzari kalte egiten dioten gertakarien aurrean eraso guztien aurka gaudela, oinarrizko elementua iruditzen zaigu eta bizikidetza”.

“Hausnarketa sakona egin beharrean gaude denok. Udalean elkarbizitza lantzen ari gara alderdi guztien artean azken urteotan, eta argi daukagu zentzu horretan lanean jarraitu behar dugula”.