Gaurkotasuna

Atzealdea

Alkartasuna Elkarteko atzoko bilerarekin amaitu dira bizilagunekin bilera publikoak

Azken bost astetan beste hainbat egin dira, eta balorazioa positiboa izan da

2017·03·07


Atzo arratsaldez Alkartasuna Elkartean hainbat bizilagunekin elkartu zen Hondarribiko Udaleko Gobernu Taldea. Hara bertaratu ziren Txomin Sagarzazu Alkatea eta Gobernu Taldeko zinegotziak. Mendelu, Amute, Alde Zaharra eta Portukoaren ondoren atzokoa izan zen azken bilera. Ia bi ordu iraun zituen ia 50 hiritar elkartu zituen hitzorduak.

Udal Gobernu Taldearen 2015-2019 legealdiko Agintaldi Plana, 2017ko aurrekontuak eta aurtengorako egitea aurreikusita dauden 25 proiektu nagusiak aurkeztu ondoren, Amuteko biribilgunea, Jaitzubiatik Amutera joango den oinezko eta txirrindentzako bide berria eta aireportuko errepideaz mintzatu zen Alkatea.

Bizilagunen kezka nagusienak zentzu desberdinetan joan ziren. Alde batetik, Akartegiko Garbigunearen inguruan zenbait bizilagunek bere kexak azaldu zituzten zenbait bizilagunek; bestetik Zimizarga auzoko zenbait etxe-jabeek bere lurretan ondokoen ur-zikinak jasotzen dituztela salatu zuten, eta Llobregat-eko igoeran bizi direnek gauetan argitasun falta nabaria dagoela esan zuten.

Txomin Sagarzazu Alkateak esan duenez, “bilera saio desberdinak egin ditugu. Bost auzo desberdinetan izan gara bilera publikoak egiten, gure lau urte hauetarako proposamenak eta asmoak zeintzuk diren kontatzen, eta hiritarrei dituzten kexa eta iradokizunak entzuten. Denak entzun eta kontutan hartu ditugu, eta orain erantzuten eta laguntzen saiatuko gara”.

“Bilera irekien formato hauez gain, Udaletxeko bulegoak hiritarrentzat irekiak daudela gogorarazi nahiko nuke ere, egunerokotasunean sortzen diren arazoei aurre egiteko’ amaitu du Sagarzazuk.