Gaurkotasuna

Atzealdea

Alderdi guztiak Memoriaren Egunaren alde

Udala osatzen duten alderdi guztiak, EAJ, ABOTSANITZ, EH BILDU, PSE-EE eta PP Memoriaren Egunaren alde elkarretaratu dira gaur

2016·11·09


Hondarribiko Udala bat dator Azaroak 10 Terrorismoko Biktimak Gogoratzeko egunerako Eusko Jaurlaritzak egindako deialdiarekin eta Hondarribiko udal ordezkariok aho batez (EAJ, ABOTSANITZ, EH BILDU, PSE-EE eta PP alderdiak) honako hau adierazi nahi dugu egun seinalatu honetan

  1. Bakean, justizian eta askatasunean bizitzeko eskubidea dugu, ez dugu inolako indarkeria eta bazterkeriarik onartzen eta Giza Eskubideak hiritar guztiei bermatzea nahi dugu. Hori da hondarribiarren nahia eta baita Udalaren nahia ere.
  2. Izandako biktima guztiak aintzat hartuko ditugu, gatazka honetan bidezkoa ez den jazarpen bat bizi izan duten hiritarrak direlako. Garrantzitsua da biktimengana gerturatzea, eta ez edonola, arduraz, zinez eta enpatiaz egin behar da. Aitorpena egin behar zaie biktimei eta euren inguruari, samina, isiltasuna eta ahanztura aintzat hartu eta konpontzeko. Guztiek merezi dute egia, justizia eta aitortza eskubidea. Beraiek bizi izandako sufrimendua salatu eta aldi berean gogoratu nahi dugu, errepika ez dadin. Badakigu iraganean ahaztuak sentitu direla baina gaurkoan, ekitaldi honen erdian jarri nahi ditugu guztiak, Udalaren eta gizartearen aitortza senti dezaten. Izan ere, etorkizuna bakean, aniztasunaren errespetuan, elkartasunean eta justizian oinarritu nahi dugu eta ez dugu biktimek bizi izandakoa errepikatzerik nahi.
  3. Indarkeria eta terrorismo guztiak (ETAk, GALek eta beste erakundeek egindakoa, baita Estatuaren Segurtasun Indarrek eragindako indarkeria ere) gaitzesten ditugu, ez dugu salbuespenik egin nahi. Bakoitzak bere erantzukizuna dauka, eta guztiek dute ardura eragindako kaltea era kritikoan aztertzeko eta indarkeria deslegitimatzeko; modu horretan lagunduko dute demokrazia sendotzen.
  4. Indarkeriak eragin ezkorra izan du herritarren eguneroko bizikidetzan. Herritarren artean urruntasuna, bazterkeria, gorrotoa, beldurra, isiltasuna eta bestelako sufrimenduak eragin ditu. Garrantzitsua deritzogu herritarren arteko bizikidetza hobetzearen alde eta errespetuan oinarrituriko gizarte baten alde lanean jarraitzeari.
  5. Gaurko eguna guztiontzat izatea nahi dugu; izan ere, elkarrekin osatu behar baitugu oroimena. Ikuspegi ezberdinak aintzat hartuko dituen oroimena izatea nahi dugu eta aldi berean, oinarrizko printzipio komunetan oinarritutakoa: biktima guztien aitortza egingo duena, indarkeria guztien gaitzespena argi eta garbi azalduko duena eta Giza Eskubide guztiak bermatuko dituena.
  6. Udal honek bide horretan jarraitu nahi du lanean, bake kultura sustatuz eta Giza Eskubideen alde.