Gaurkotasuna

Atzealdea

Alameda Jatetxeko familiak Urrezko Intsignia jaso du Udaletxean

Ekitaldi hunkigarri batean elkartu dira 75 urtez jatetxea eraman duen familia eta lagunak

2017·09·07


Hondarribiko Udalak Urrezko Intsignia eman dio gaur Alameda Jatetxeko familiari. Topetaraino bete da Areto Nagusia, ekitaldi hunkigarri batetaz gozatu ahal izan delarik. Udal zinegotzi guztiak, familia eta lagunak, eta sukaldari ugari ere hurbildu dira ekitaldira, bai hondarribiarrak baita gipuzkoarrak ere, Martin Berasategi edo Basque Culinary Center-eko zuzendari den Joxe Mari Aizega adibidez.

Txomin Sagarzazu Alkateak esan duenez, “2017. urteko Urrezko Intsignia Alameda Jatetxeko familiari ematea erabaki da jatetxearen 75. urtemugan izandako bilakaera bikainarengatik eta XXI. mendeko Hondarribiari ostalaritzaren alorretik egindako ekarpen aberatsarengatik. Hondarribiar askorentzat Gartzinea dena erreferente bat da eta zorionik beroenak eman nahi dizkiet” esan du Txomin Sagarzazuk.

David de Jorge sukaldariak familiaren eta jatetxearen laburpen hunkigarria egin du eta jarraian, familiaren izenean, Gorka Txapartegik eskerrak eman dizkie “hurbildutako guztiei, Alkate eta zinegotzi denei, eta Hondarribia osoari, oso berezia baita bakoitzari bere herrian ezagutzea. Guretzat konpromezua hitz klabea da, konpromezua herriarekin, lehen mailako produktuekin, bezeroekin eta inguruan daukagun guztiarekin. Milesker denei eta gora Hondarribia!!” amaitu du Txapartegik