Gaurkotasuna

Atzealdea

50 urtetik gorako Eraikinen Ikuskapen Teknikoa aurkezteko epea ekainaren 27an amaituko da

Hitzaldi informatiboa izango da ekainaren 19an.

2018·05·18


Bizitegi-eraikinek aldiro derrigorrean pasa behar duten EIT Eraikinen Ikuskapen Teknikoa aurkezteko epea zabaldu du Hondarribiko Udalak. 2017ko ekainaren 27az geroztik eraiki zirenetik 50 urte edo gehiago dituzten eraikinek izan beharreko azterketa da, bereziki egoitza erabilera dutenek. Higiezin horien jabeek Udalean txostenaren kopia aurkeztu behar dute 2018ko ekainaren 27a baino lehen.

EITa teknikari fakultatiboak idatzitako txosten teknikoa da. Begi-bistako ikuskapena da, eta higiezinaren zein bertako bizilagunen segurtasunean eragina duten elementuak aztertzea du helburu, hala nola, kontserbazio-egoera, kalteak edota haien arrazoiak. Dokumentuak maiatzaren 20ko 80/2014 Dekretua eta Etxebizitzari buruzko 3/2015 Legeak hartu behar ditu aintzat, eta gabeziak konpontzeko eginbideak jaso.

Udalak eskutitza bidali die herriko auzo elkarteei informazioa helarazteko. Era berean, gaiaren inguruko hitzaldia antolatu du ekainaren 19rako, Kasino Zaharrean 17:30ean, eta webgune ofizialean atal berezia sortu du. Azken honetan dago eraikinek EITa behar ote duten jakiteko https://www.euskoregite.com/eu/ sareko baliabidea.