Gaurkotasuna

Atzealdea

3.547 turista pasa dira ARMA PLAZAtik bost egunetan

Iazko Aste Santuko datuak %8'5ean hobetu dira aurten, eta herria gainezka egon da

2017·04·18


Euskal Herriko eta Gipuzkoako datuek diotena jarraituz, Hondarribia topetaraino egon da Aste Santuan. ARMA PLAZA informazio puntutik jakinarazten zaigunez, 3.547 izan dira Aste Santuan bulegotik pasa diren turistak, iaz baino %8’5 gehiago. Izandako eguraldi onak, Ostiral Santuko prozesioak eta Hondarribiaren erakargarritasunak batuta, azken urteotako Aste Santurik onena ekarri dute. Gogoratu behar da iazko datuek 2015koak %22’53an hobetu zituztela.

“ARMA PLAZAtik egun hauetan etengabe lan egin da. Goizeko 9.30etik 19.30ak arte ireki da etengabe, eta bertatik kontatzen digutenez, ostegunean 674 bisitari pasa ziren, ostiralean 880, larunbatean 906, igandean 679 eta atzo Pazko Astelehenean 408. Pasa den asteko lehen hiru egunetan 1.416 bisitari pasa ziren eta ziur aste hau ere antzekoa izango dela, Aste Santuan baina gutxiago baina erritmo onarekin” dio Maria Serrano Turismo zinegotziak.

Ostirala eta larunbatean turista kopurua ikaragarria izan da, iazko egun beretan baino %16 gehiago nabaritu baita.

“Turisten jatorriari dagokionez, %22’84 katalanak izan dira, %10’78 madrildarrak, %10 bizkaitarrak,  eta Gipuzkoa, Araba eta Nafarroatik denetara %8. Azkenik, frantziarrak %12 izan dira eta ziur aste honetan asko etorriko direla, jai egunak baitituzte bertan. Alde Zaharreko ondarea, Eliza, Portua auzoa eta gastronomia dira gehien galdetzen ziren gaiak” dio Serranok.

Bisita gidatuetan ere gainezka

ARMA PLAZA Fundazioak Alde Zaharretik, Parrokiatik, Guadalupeko Gotorlekuan eta Tren Berdean egin dituen bisita gidatuek oso harrera ona izan dute. Denetara 538 pertsonek hartu dute parte.