Gaurkotasuna
Atzealdea

24. Euskal Liburu eta Diska Azoka iganderarte Arrantzale Auzoan

Gaurtik hasi eta datorren iganderarte, Hondarribiko 24. Euskal Liburu eta Diska Azoka zabalik egongo da Arrantzale Auzoan. Euskadiko Liburu Azoken Batzordeak antolatuta, eta Udaleko Euskara Zerbitzuak lagunduta, Neguko Jardunaldien barnean kokatzen da azoka.

2018·12·13


Gaurtik hasi eta datorren iganderarte, Hondarribiko 24. Euskal Liburu eta Diska Azoka zabalik egongo da Arrantzale Auzoan. Euskadiko Liburu Azoken Batzordeak antolatuta, eta Udaleko Euskara Zerbitzuak lagunduta, Neguko Jardunaldien barnean kokatzen da azoka.

Aurkezpen ekitaldia Zuloaga Etxea udal liburutegian egin da gaur eguerdian, Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkatea, Arantxa Berrotaran Euskara zinegotzia, Asier Muniategi, Batzordeko azoken kanpainaren koordinatzailea, Mariasun Landa idazlea eta Inazio Mujika EREIN argitaletxeko ordezkaria bertan egon dira. 

“Gaurko ekitaldian Mariasun Landa idazlea saritu nahi izan dugu urte guzti hauetan euskal literaturaren, agian haur literaturan pixkat gehiago zentratuta, alde egindako lanarengatik” esan du Txomin Sagarzazuk. “Hori dela eta, Erreginaren Baluarte bat, Javier Sagarzazu eta Ylenia Benitok egindako ‘Hondarribia, ñabarduren hiria’, eta ‘Bazen behin, il était une fois, érase una vez Hondarribia/Bayonne/Pamplona.Iruña’ liburuak oparitu dizkiogu”.

Mariasun Landak eskerrak eman dizkio “Hondarribiko Udalari nitaz gogoratzeagatik. Herri berezia da neretzat Hondarribia. Udalek azokak antolatzen egiten duten lana zentzu eskertu nahi dut, liburuak herritarren eskutan jartzen. Hori da jarraitu beharreko bidea”.

Asier Muniategik eman ditu azokaren xehetasun gehiago. “Durangon ikus ahal izan diren eskaintza nagusienekin, azoka egunero irekiko da 11:00etatik 13:30era eta 17:00etik 20:00tara, eta aukera haundia aurki daiteke euskal literatura eta diskagintzan. Erosketa guztiak %10eko beherapenarekin egingo dira”.

Azokan aurki daitezken autore batzuk hauek dira: Jasone Osoro, Katixa Agirre, Bernardo Atxaga, Aingeru Epaltza, Fito Rodriguez, Joanmari Irigoien, Juan Luis Landa, Jon Arretxe, Toti Martinez de Lezea… Diskei dagokienez, hor egongo dira Berri Txarrak, Ken Zazpi, Gatibu, Mikel Urdangarin, Ruper Ordorika, Erramun Martikorena, Benito Lertxundi….”.