Gaurkotasuna

Atzealdea

“Heriotza bikoitza” antzezlana maiatzaren 27an egingo dute Itsas Etxean

Apirilaren 1eko emanaldia bertan behera geratu zen.

2018·05·17


Salgai dira maiatzaren 27an “Heriotza bikoitza” antzerkia ikusteko sarrerak. Apirilaren 1erako iragarrita zegoen antzezlana, baina arrazoi teknikoak tarteko, bertan behera utzi behar izan zuten. Kultura Sailak jakinarazi duenez, ordurako sarrera zuen orok mantentzen du oraingoan ere joateko aukera, baina inork sarrerari dagokion zenbatekoa itzultzea nahi badu departamentuarekin harremanetan jar daiteke.

Eneko Sagardoy eta Miren Gaztañaga dira antzezlaneko aktoreak. Bizitza eta heriotza dituzte hizpide, fikzio eta errealitate arteko mugan jardungo dira. Lehenak ikusgarritasun berezia eskuratu du orain gutxi Aktore Berri Onenaren Goya Saria eskuratu baitzuen “Handia” filman egindako lanagatik. Irundarra, berriz, zineman eta bereziki antzerkian ibilbide luzea egindakoa da, jada. Mikel Zumeta herriko semeak gidatu du dramaturgia.

Sarrerak Kutxabanken webgunean, Arma Plazako Turismo Bulegoan edota, antzerkiaren egunean bertan, emanaldia baino bi ordu lehenago Itsas Etxeko txarteldegira jota eskura daitezke.